Gizartea -
KORONABIRUSA
14 pertsona hil dira EAEn covid-19ak jota azken astean
1.086 positibo berri hauteman dituzte, baina azken 14 egunetako intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du (22 puntu txikoagoa da, 817 kasutan kokatuta). 72 ospitaleratze izan dira azken orduetan; maiatzetik ez dira horrenbeste lagun heldu egun bakarrean Osakidetzako erietxeetara.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 1.086 positibo berri zenbatu ditu, eta milakoaren langa gainditu du berriro. Gainera, uztailaren 26tik abuztuaren 1era doan astean, 14 pertsona hil dira birusak jota. Azken 14 egunetako intzidentzia metatuak, bestalde, beherantz egiten jarraitzen du, eta bezperan baino 22 puntu txikiagoa da (817 kasu 100.000 biztanleko).
Eguerdian kaleratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak buletin epidemiologikoa. Horren arabera, astearte honetan 266 pertsona zeuden EAEko erietxeetan (bezperan 240 ziren), 72 ospitaleratze egin ostean (astelehenean baino 16 gehiago). Maiatzetik ez dira horrenbeste gaixo iritsi egun bakarrean Osakidetzako erietxeetara. ZIUetako egoera, ordea, samurragoa da, 61 lagun baitaude larri (63 ziren aurreko egunean).
Asteazkenero bezala, asteko buletina ere argitaratu du Jaurlaritzak koronabirusagatik hildakoen datua eguneratzeko. Uztailaren 26tik abuztuaren 1era 14 pertsona zendu ziren birusak eraginda. Aurreko astean baino lau gehiago dira. Oso bestelakoa izan zen duela hilabeteko argazkia, aste hartan ez baitzen hildakorik izan, pandemian lehen aldiz.
Egindako 9424 proba diagnostikoetatik (bezperan baino apur bat gutxiago) % 11,5 positibo izan dira. Kutsatzeek gora egin dute hiru lurraldeetan, batez ere Bizkaian. Izan ere, 589 kasu zenbatu dituzte, aurreko egunean baino 113 gehiago. Gipuzkoan 321 kutsatze hauteman dituzte (+21), eta Araban 154 (+44). Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 22 pertsona kutsatu dira azken orduetan.
Positibo kopuruaren hazkundeak ez dio intzidentzia metatuari eragin, eta pilatutako tasa hiru lurraldeetan egin du behera. Bizkaian dago goren, 900 kasuko langatik behera jaistea lortu badu ere (100.000 biztanleko 888 kasutan da, 25 puntu gutxiago). Gipuzkoako tasa 732 kasutan dago (hemen ere dezente jaitsi da, 22 kasu alegia) eta Araban 635ean (10 gutxiago).
R0 indizeak ere (positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua) baikortasunerako tartea utzi du. 1etik behera jarraitzen du, bezperarekin alderatuta hiru ehunen jaitsita (0,86). Dena dela, gertutik jarraituko beharko da Arabako egoera, EAEko batez bestekotik ia hamarren batera baitago han 0,95).
Udalerrietako egoerari dagokionez, koronabirusaren semaforoan ez da aldaketarik izan. Araban, Gasteizen atzemandako 115 kasuak dira aipagarri. Bizkaian, Bilbon eta Getxon zenbatu dituzte gehien (188 eta 60 positibo, hurrenez hurren), eta Gipuzkoan, Donostian (92) eta Errenterian (24).