Gizartea -

Koronabirusa

206 positibo atzeman dituzte Nafarroan, azken hilabeteko kopururik txikiena

Erietxeetan dauden gaixoen kopuruak ere behera egin du, eta 114 dira; horietako 21 ZIUn daude. Horrez gain, Erriberriko adinekoen egoitzako egoiliar bat zendu da, covid-19agatik.

Iruñeko kaleak erdi hutsik. Artxiboko irudia: EFE.
Iruñeko kaleak erdi hutsik. Artxiboko irudia: EFE.
Iruñeko kaleak erdi hutsik. Artxiboko irudia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi aste jaisten eman ondoren, badirudi Nafarroa koronabirusaren kutsatze-oldeari eusten hasi dela. Azken 24 orduetan, 206 positibo berri erregistratu dira, igandean baino 77 kasu gutxiago, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Horrela, azken hilabeteko kasu kopururik txikiena da atzokoa; datu hobeak aurkitzeko, uztailaren 2ra arte egin behar da atzera, 152 kasu atzeman baitziren egun hartan.

Gainera, 2.064 proba diagnostiko egin dituzte, eta positibotasun tasa % 10ekoa izan da.

Kasu gehien atzeman diren auzo eta udalerriei dagokienez, Tutera Ekialdea da zerrendaburua, 13 positiborekin. Ondoren, Lizarra, bederatzi kasurekin, eta Burlata, Sarriguren, Tutera Mendebaldea eta Iruñeko Arrotxapea eta Donibane auzoak daude, zazpinarekin.

Hildako bat Nafarroako adinekoen egoitzetan

Bestalde, astelehenean sei gaixo ospitaleratu dituzte, horietako bi ZIUn. Horrela, guztira 114 gaixo daude Nafarroako erietxeetan (bezperan baino bederatzi gutxiago), eta 21 lagun daude egoera kritikoan, igandean baino bat gehiago.

Hasiera batean hildakorik egon ez dela jakinarazi badute ere, Erriberriko adinekoen egoitzako egoiliar baten heriotzaren berri eman du Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilariak.

Igandean beste bat zendu zen Lizarrako San Jeronimo egoitzan. Horrenbestez, bi dira azken orduetan covid-19ak jota hildako adinekoak. Azken bost hilabeteotan ez da halako kasurik egon.

Txertaketa kanpainari dagokionez, 5.946 txerto jarri dituzte astelehenean. Horrela, 401.741 nafar guztiz babestuta daude jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa