Gizartea -
Bizkaia
Bi eraso matxista gertatu dira azken orduetan, Barakaldon
Gizon bat atxilotu zuten igandean, genero-indarkeria egotzita. 30 urteko emakume batek salatu du bikotekideak sexu-harremanak baimenik gabe izan zituela.
Agentziak | EITB Media
Barakaldoko Udalak erasoen aurkako mahaia deitu du astelehen honetarako, indarkeria matxistak azken orduetan bi biktima utzi ondoren.
Segurtasun Sailak baieztatu duenez, gizon bat atxilotu zuten igandean, genero-indarkeriaren ustezko delitu bat egotzita.
Aurreneko erasoa igandean jazotako bortxaketa bat izan zen. Udalak zabaldutako oharraren arabera, 30 urteko emakume batek salatu du bikotekideak bortxatu duela.
Bestalde, bigarren erasoaren berri goizean bertan izan dute, eta gertatutakoa ikertzen ari dira oraindik.
Udalak puntu lila jarriko du balkoian, gaitzespen-mezua zabalduko du sare sozialen bidez, eta mugimendu feministak deitutako elkarretaratzeekin bat egingo du, herritarrei erakusteko indarkeria matxistako edozein adierazpenen aurka dagoela.
Erasoen aurkako mahaiak, horrez gain, mugimendu feministak egindako protesta-deialdia zabaldu du; Barakaldo-Argitan Emakumeentzako Aholku-Etxeak, testuinguru horretan, elkarretaratzea deitu du, astearte honetarako, 18:30erako, Udaletxe Plazan, azken bi eraso hauen aurkako arbuioa islatzeko.
Adierazpena
Horrez gain, adierazpena onartu du Barakaldo Udalak; bertan jasota dagoenez, indarkeria matxista "giza eskubideen urratze larria da, bai eta lehen mailako gizarte-arazoa ere. Hori pairatzen duten emakumeen eta LGTBIQ+ gizataldeko kideen duintasuna eta osotasun fisikoa hondatzen ditu", dio adierazpenak.
"Indarkeria matxista kasuak ez dira gertaera isolatuak; aitzitik, balio eta jokabide jakin batzuen babesean sortzen dira, hain zuzen ere emakumeak gizonen mende bizi behar duten ideian eta emakumeei gizartean zenbait adierazpen eta portaera zigortu behar zaizkien ideian sustraitzen den sisteman oinarritutako jokabide eta balioen babesean", zehaztu du Udalak.
Hori horrela, Barakaldoko Udalak argi eta garbi utzi nahi du erabat gaitzesten duela edozein indarkeria matxista mota: "Erakunde publiko gisa, Udala konprometituta dago lanean segitzera indarkeria matxistaren aurkako borrokan, eta emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek giza eskubideak oso-osorik bermatuta izan ditzaten. Horretarako, udalerriko hiritar guztien berdintasun osoa ahalbidetuko duten politikak bultzatuko ditu".