Gizartea -
Koronabirusa
Talde immunizazioa lortzeko herritarren % 90ek edo % 95ek egon beharko dute txertatuta
Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak ohartarazi duenez, ez da erraza izango epe laburrean ehuneko horretara heltzea, 12 urtez azpikoak babestuta egon beharko liratekeelako eta adin tarte horretarako ez dagoelako baimendutako txertorik.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) gainditzear du covid-19aren kontrako immunizatuen ehuneko desiratua: 12 urtetik gorako EAEko herritarren % 70 birusaren aurrean babestuta egotea. Datua, baina, ez da nahikoa, azken ikerketen arabera. Miren Basaras EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslearen esanetan, ehuneko horrek "% 90etik gertuago egon beharko luke, baita % 95etik gertuago ere".
ETBri eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, aldaera berriek kutsakorrago egin dute birusa, eta, "ondorioz, jende gehiagok egon behar du txertatuta". Adituaren hitzetan, "argi dagoena da % 70eko datuarekin ez garela talde immunizaziora helduko".
Orain arteko txertaketa erritmoari eusten bazaio, % 90eko langa udazken amaieran gaindi daiteke. Dena dela, hori lortzeko "12 urte baino gehiagoko herritarrak ez ezik, adin horretatik beherakoak ere immunizatuta egon beharko dira, eta gaur-gaurkoz ez daukagu baimendutako txertorik umeentzat". Izan ere, Pfizer eta Moderna konpainien prestakinek badute EMAren baimena 12-17 urtekoak babesteko, baina ez hortik beherakoak txertatzeko.
Hori horrela, txertaketarekin aurrera egiteaz gain, prebentzio neurriei eusteko eskatu du adituak, eta, besteak beste, musukoa erabiltzeko eta pilaketak saihesteko. "Birusaren transmisioa ahalik eta gehien mugatu behar dugu aldaera kutsakorragoak sor ez daitezen", nabarmendu du.