Gizartea -
Koronabirusa
EAEko 12 urtetik gorako herritarren % 70ek koronabirusaren aurkako txertoa jaso dute jada
Birusa kutsakorragoa bihurtu denez, ordea, adituen ustez, herritarren % 80 eta 90 artean txertatu behar da talde-immunitatea lortzeko. Horrela jarraituz gero, udazken amaieran lortu daiteke helburu hori.
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren 12 urtetik gorako herritarren % 70ek koronabirusaren aurkako txertoa jaso dute abuztuaren bata baino lehen. Delta aldaeraren ondorioz, ordea, talde-immunitatea lortzeko ehuneko hori handitu behar da. Horrenbestez, txertaketa-guneetan ez dago atseden hartzeko astirik.
Birusa kutsakorragoa bihurtu da, eta, adituen ustez, herritarren % 80 eta 90 artean txertatu behar da talde-immunitatea lortzeko. Horrela jarraituz gero, udazken amaieran lortu daiteke helburu hori. Testuinguru horretan, 16 urtetik gorako 1.400.000 pertsonak covid-19aren aurkako pauta osoa jaso dute jada, EITBk jaso dituen datuen arabera.
Egun hauetan, 60 urtetik gorako pertsonak AstraZenecaren bigarren dosia jasotzen ari dira, eta horien % 91 guztiz immunizatuta daude jada. Hala, datozen egunetan amaituko dute txerto hori jartzen EAEn. Covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina hasi zenetik, guztira 2.700.000 dosi jarri dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak igandean emandako datuen arabera, azken orduetan 927 positibo berri zenbatu dira EAEn, aurreko egunean baino 343 kasu gutxiago, baina positibotasun-tasa % 12,4ra igo da, aurreko egunean % 11,6koa izan ondoren. Zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutakoen kopuruak, berriz, aldaketarik gabe jarraitzen du, 63 baitira.
Koronabirusaren bilakaerari dagokionez, uztailean datu negatiboak izan dira Euskadin, eta pandemia guztiko kutsatu kopururik altuena zenbatu da. Hain zuzen ere, 31.797 positibo atzeman dira guztira, aurreko hilabetean baino bost aldiz gehiago. % 11 baino gehiago 17-18 urteko gazteak izan dira, arrazoi ezberdinengatik; delta aldaera, ikasturte amaierako bidaiak edota botiloiak, besteak beste. Adin tarte horretan, intzidentzia gora eta gora ibili da egunetik egunera.
Horrenbeste kutsaturekin, inoizko intzidentziarik altuena izan da: 870 kasu 100.000 biztanleko. Halaber, orain arteko positibotasun-tasarik altuena ere uztailean izan da EAEn, hilaren 23an eta 25ean, hain zuzen ere, % 14,1eraino igo baitzen.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, presioa handituz doa, eta datozen egunotan are gehiago igotzea aurreikusten da. Hala eta guztiz ere, txertaketari esker eta kutsatuen batez besteko adina jaitsi egin dela kontuan izanda, egungo egoerak ez du zerikusirik duela hilabete batzuetakoarekin alderatuta. Egun, covid-19a dela eta, 243 gaixo daude gela arruntetan eta 63 zainketa intentsiboetako unitateetan (uztail hasieran erdiak ziren).
Felix Zubia Donostiako Ospitaleko zainketa intentsiboen unitateko buruak Euskadi Irratiko 'Goiz Kronika' saioan azaldu duenez, kutsatuen profila ere aldatzen ari da, egunetik egunera gero eta gehiago baitira 20-30 urteko gaixoak. Horren harira, txertoen eraginkortasuna nabaria dela dio, eta, gogoratu du haurdun dauden emakumeen kasuan ere gomendagarria dela txertoa hartzea.