Gizartea -
EUSTAT-ETXEBIZITZA
EAEko eraikinen % 28k soilik dute igogailua
Eustaten 2020ko Eraikin eta Lokalen Erroldaren arabera, etxebizitza gehiagok dute gertu taberna bat(% 62) farmazia bat baino (% 49). Etxebizitzen % 70ek 20 minutura dute osasun-zentroa oinez eta % 58k banketxe bat.
Olatz Prat | eitb media
EAEko eraikinen % 72k bi solairu edo gehiago badituzte ere, % 28k soilik dute igogailua. Hala erakusten du Eustat Euskal Estatistika Erakundeak ostiral honetan argitaratutako EAEko Eraikinen eta Lokalen 2020ko Erroldak.
Txostenak jasotzen duenez, EAEn 225.679 eraikin zenbatu ziren iaz, eta etxebizitza eraikinak dira 10etik 8, osorik edo zati batean, hau da, 181.757. Industria-eraikinak 17.974 ziren (% 8), merkataritzakoak 5.475 (% 2,4) eta bulegoetakoak 4.637 (% 2,1), eta, ondoren, beste eraikin mota batzuk, ehuneko txikiagoetan.
Eraikin guztien % 27,7 solairu bakarrekoak dira, 2-3 solairukoak % 38,9 eta 4-9 solairukoak % 31,5. Eraikinen % 2k baino gutxiagok 10 solairu edo gehiago ditu.
Batez ere etxebizitzarako diren eraikinak soilik kontuan hartuta, % 44k trastelekua du, % 33,3k garajea eta % 28k baino ez igogailua.
Igogailuaren kasuan, Gipuzkoako eraikinen % 33,7k dute igogailua, % 27,1k Bizkaian eta % 21,6 Araban, nahiz eta, kontuan izan behar den, azken lurralde horretan solairu bakarrekoak direla hamar eraikinetatik sei.
Gertu dauden zerbitzuak
Eustatek egindako erroldaren arabera, gehiago dira taberna bat gertu duten etxebizitzak farmazia bat gertu dutenak baino. Etxebizitza-eraikinen kasuan, oinez 10 minutu baino gutxiagora, eraikinen % 62,4k taberna edo kafetegia dute, % 49,8k farmazia bat, % 48,8k okindegia eta % 45,3k haur-hezkuntzako zentro bat.
Oinez, 20 minutura, EAEko etxebizitzen % 74,5ek jatetxe bat dute, % 70,5ek osasun-zentro bat, % 62k lehen hezkuntzako zentro bat eta % 58k banketxe bat.
Eraikinak, motaren eta lurraldearen arabera
Euskal Autonomia Erkidegoan 225.679 eraikin zeuden 2020an; haietatik, % 58,7k etxebizitzak baino ez dituzte, % 21,9 erabilera mistokoak dira –alegia, eraikinak etxebizitzak eta lokalak ditu– eta gainerako % 19,5ak lokalak baino ez ditu, Eustaten datuen arabera.
Lurralde historikoen arabera, Araba nabarmentzen da; izan ere, bertan, hamar eraikinetik seik etxebizitza-erabilera baino ez dute (30.649 unitate). Etxebizitzak soilik dituzten eraikinen erkidegoaren batez bestekoa gainditu egiten du Bizkaiak 62.455 eraikin baititu (% 59,3), eta Gipuzkoa EAEren batez bestekoaren azpitik dago, 39.334 eraikin baititu (% 55,4). Etxebizitzak eta lokalak, biak dituzten eraikinei dagokionez, Bizkaia (% 24,2) eta Gipuzkoa (% 23,3) nabarmentzen dira, hamar eraikinetik bik erabilera mistoa baitute. Lokalak soilik dituzten eraikinetan Arabako lurraldea nabarmentzen da, 11.402 unitate baititu (% 23,1).
Hiriburuetan 14.533 eraikin daude guztira Gasteizen, 12.535 Bilbon eta 13.415 Donostian. Eraikinaren xedearen araberako unitateen banaketan, Bilbo eta Vitoria-Gasteiz dira nabarmentzekoak, erabilera mistoagatik (% 57,5 eta % 37,7, hurrenez hurren); Donostia, aldiz, etxebizitzen eraikinen ehunekoan (% 52,6) eta lokalak soilik dituztenetan (% 20,1) nabarmentzen da.