Gizartea -

Koronabirusa

Positibo berriek eta intzidentzia-tasa metatuak behera egin dute Euskadin

1.315 kasu atzeman dituzte EAEn, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 870,30etik 868,93ra jaitsi da.

Hainbat taberna Gasteizen. Argazkia: EFE.
Hainbat taberna Gasteizen
Hainbat taberna Gasteizen. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 1.315 positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 261 gutxiago, Osasun Sailak emandako datuen arabera.

Datu negatiboen artean asistentzia-presioa dago; izan ere, egun bakar batean 12 paziente gehiago daude ospitaleratuta EAEn.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 870,30 kasutik 868,93ra jaitsi da. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, intzidentziak behera egin du berriro Gipuzkoan eta Araban, eta gora Bizkaian. Hala, 646 kasu izan dira Araban, 920 Bizkaian eta 826 Gipuzkoan.

Gazteen artean, birusaren intzidentziak gora egiten jarraitzen du: 10-19 adin tartean 2.531 kasukoa da, eta 2.714koa, 20-29 adin tartean. 30 eta 39 urte artekoen artean, aldiz, intzidentzia txikiagoa da, baina batez bestekoaren gainetik jarraitzen du: 951.

Ospitaleko presioari dagokionez, 62 pertsona daude ZIUetan (aurreko egunean baino bi gehiago) eta 243 gaixo gela arruntetan (hamar gehiago). Gainera, 55 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan.

Halaber, hiru emakume haurdun daude Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo) koronabirusak jota, horietako bi zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU), eta hirugarrena arnas zerbitzuko geletan.

Atzo 11.799 proba diagnostiko egin zituzten eta positibotasuna % 13,8tik % 11,1era jaitsi da. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 131 kasu berri atzeman dituzte Araban (bezperan baino 26 gutxiago), 776 Bizkaian (147 gutxiago), 388 Gipuzkoan (76 gutxiago) eta 20 Euskaditik kanpo bizi ziren pertsonen artean.

Gaitzaren oinarrizko birsorkuntza tasak beheranzko joerari eutsi dio azken egunetan, eta 0,94koa da Euskadin. Gainera, hiru lurraldeak 1 azpitik daude: 0,88 Araban, 0,97 Bizkaian eta 0,91 Gipuzkoan.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) murriztu egin da, eta 1,19ra jaitsi da Euskadin (1,27an zegoen bezperan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea