Gizartea -
KORONABIRUSA
Osakidetzak inprimaki bat prestatu du farmaziako autodiagnostikoko testetan positibo eman dutenentzat
Era berean, kontaktu estuei proba diagnostikoak egiteko beste inprimaki bat prestatu du, miaketa-sarearen lana errazte aldera.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Osakidetzak inprimaki bat prestatu du farmazietan eskuratutako proba diagnostikoetan positibo eman duten pertsonentzat eta proba diagnostiko bat (PCR) egiteko hitzordua eskainiko die, Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Era berean, miaketa-sarearen lana errazte aldera, kontaktu estuei proba diagnostikoak egiteko beste inprimaki bat prestatu du.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu egin ditu, besteak beste, covid-19a hautemateko proba batean emaitza positiboa izanez gero, kontaktu estua izanez gero edo farmazietan eskuratutako proba diagnostiko batean positibo emanez gero jarraitu beharreko urratsak.
"Nola jokatzen dut?" izeneko atalean, Eusko Jaurlaritzak egoera zehatzak eta birusaren hedapena saihesteko nola jokatu azaltzen du. Informazio hori ere bideo formatuan dago.
Test autodignostikoak eta kontaktu estuak
Eguneratzeen artean, kontaktu estuak diren pertsonekin harremanetan jartzeko bide berri bat abian jarri dute. Osakidetzak proba diagnostiko baterako hitzordua eman ahal izango dio webgunean eskegitako inprimaki bat betetzen duen pertsonari. Horrela, Zaintza eta Jarraipen Sarearen lana erraztuko da, baita egoera horretan dauden pertsonak proba diagnostikorako hitzordu bat azkarrago eskuratzeko aukera ere.
Bestalde, farmazietan test autodiagnostiko bat eskuratu duten eta bertan positibo eman duten pertsonak bakartu egin beharko dira, eta webguneko formularioa bete ondoren, Osakidetza haiekin harremanetan jarriko da PCR proba bat egiteko hitzordua eskaintzeko.