Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Lazkao gorrira itzulita, Usurbil baino ez dago eremu gorritik kanpo EAE osoan
Lazkao gorrira itzuli da, egun bat laranjan egon ostean. Usurbilen ere okerrera egin dute datuek eta horitik laranjara pasa da. 100.000 biztanleko 870 kasukoa da intzidentzia EAEn.
Olatz Prat | EITB MEDIA
Lazkaon okerrera egin du egoerak azken orduetan eta gorrian jarri da berriro, gaur-gaurkoz Usurbil da eremu gorritik kanpo eusten dion EAEko herri handi bakarra, baina, hura ere, horitik laranjara igaro da, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Bizkaian eta Araban udalerri guztiak daude eremu gorrian.
Arabak (656 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta Arabako beste hiru udalerriek ere (Agurain, Amurrio eta Laudio).
Horrenbestez, ez dago udalerri handirik eremu laranjan, horian edo berdean Araban.
Bizkaia ere (911 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita Bilbo eta lurraldeko udalerri guztiak ere; Bizkaian ez dago herri bakar bat ere eremu laranjan, horian edo berdean.
Gipuzkoa (839 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita hiriburua eta ia herri guztiak ere: Andoain, Arrasate, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.
Lazkaok egun bat egin du laranjan baina gorrira itzuli da berriro. Laranjan jarri dena Usurbil, horiari eutsi ezinda kolorez aldatu da eta eremu gorritik kanpo dagoen udalerri bakarra da.
Horrenbestez, Gipuzkoan ez dago udalerririk eremu horian edo berdean.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.