Gizartea -
BIZKAIA
Lemoako Udalak elkarretaratzea deitu du herriko bizilagun batek Zornotzan jasandako jipoia salatzeko
Protesta ostegun honetan izango da, 20:00etan, udaletxearen aurrean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Lemoako Udalak elkarretaratzea deitu du ostegunerako, asteburuan herriko bizilagun batek Zornotzan jasandako jipoia salatzeko. Gaztea Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta larri dago oraindik.
Biktima Lemoako bizilaguna da, eta 15 bat pertsonak jipoitu zuten, horietako asko adingabeak, sare sozialetan biralak egin diren borrokaren irudietan ikus daitekeenez. Oraingoz, Ertzaintzak zortzi pertsona atxilotu ditu.
Lemoako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, elkarretaratzea egingo dute ostegun honetan, 20:00etan, udaletxearen aurrean, eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen gaztearen familiari.
Era berean, "jarrera eta jokabide bortitz horiek" gaitzetsi ditu, eta "pandemiaren ondorioei diziplina eta hezkuntza anitzeko ikuspuntutik heltzeko beharra" azpimarratu du, "hezkuntza, prebentzioa eta tolerantzia ardatz hartuta".
Horren eta azken asteotan izandako indarkeriazko beste gertakari batzuen ondorioz, Zornotzako hainbat taldek, ostalariekin eta auzokideekin batera, elkarretaratzea egin zuten atzo Luis Urrengoetxea kalean, gaitzespena adierazteko "hau ez da eraiki nahi dugun herria" lemapean.