Gizartea -
Indarkeria matxista
Berrizko eraso matxistaren biktimak larri jarraitzen du Gurutzetako Ospitalean
Ustezko erasotzailea, berriz, Basauriko kartzelan igaro du gaua, hilketa saiakera egotzi ostean. Ama sendatzen den bitartean, bien adin txikiko alabak Bizkaiko Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuen esku daude.
Agentziak | EITB Media
Berrizko eraso matxistaren biktimak larri jarraitzen du Gurutzetako Ospitalean, astelehenean ustez bere bikotekideak arma zuri batekin eraso egin eta gero. Bien bitartean, ustezko 27 urteko erasotzaileak Basauriko kartzelan igaro du gaua, atzo arratsaldean hilketa saiakera egotzita espetxeratu ostean.
Erasoa astelehen arratsaldean gertatu zen, 19:00ak aldera, Berrizko (Bizkaia) belodromoaren inguruan. Gizonak labana batekin eraso egin zion emakumeari eta zauri larriak eragin zizkion lepoan. Ondorioz, biktima Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten helikopteroz, eta larri jarraitzen du, pronostiko erreserbatuarekin.
Emakumea bien haurtxoarekin zegoen, eta, gizonak haurra hartu eta ihes egin zuen. Ustezko egileak ihes egin zuen beraiekin zihoan haurtxoarekin, baina handik gutxira atxilotu zuen Ertzaintzak, gertaeraren lekutik hurbil. Agenteek erasoan erabilitako arma ere aurkitu zuten. Aurretiaz ere gizonaren aurkako salaketa jarria zuen emakumeak jazarpenagatik
Ama sendatzen den bitartean, bien adin txikiko alabak Bizkaiko Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuen esku daude.
Manifestazio jendetsua Berrizen
Ehunka lagun kalera atera ziren astearte arratsaldean Berrizen biktimari babesa adierazi eta erasoa gaitzesteko. Azeri Gorria asanblada feministak salatu zuenez, aurten, jada Berrizen gertatu den bigarren gertaera larria da.
Manifestazioaren ondoren, udalak deituta eta erakunde eta gizarte eragile ugarik babestuta, Urtiaga plazan eginiko protesta bilkuran indarkeria matxistari aurre egiteko jendartearen inplikazioa eskatu zuen Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak.