Gizartea -
Koronabirusa
Positibo berriak 1000tik behera jaitsi dira, baina ospitaleetako presioak bere horretan jarraitzen du
Covid-19aren ondorioz 46 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta koronabirusa duten 56 pertsona ZIUn daude.
Eriz Lotina | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 942 positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 264 gutxiago, egindako 7.206 proba diagnostikoetan, eta positibo tasa %13,1 izan da. Positibo berrien kopurua uztailaren 13az geroztik txikiena da.
Lurraldeen arabera, positibo berriak 101 Araban, 508 Bizkaian, 312 Gipuzkoan eta 21 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan baieztatu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan jakinarazi duenez.
Covid-19aren ondorioz 46 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta koronabirusa duten 56 pertsona ZIUn daude, aurreko egunean baino bat gehiago. Koronabirusaren ondorioz 227 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 28 gehiago.
Horrela, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 808,74 kasura igo da, bezperan baino 12,27 gehiago, eta lurraldeka, 635,66koa da Araban, 807,45ekoa Bizkaian eta 824,61ekoa Gipuzkoan. Gaitzaren oinarrizko birsorkuntza tasa 1,12ra jaitsi da EAEn (1,13 Araban, 1,19 Bizkaian eta 1,01 Gipuzkoan).
Adin tarteka, 0-9 urteko taldean 56 kasu berri izan dira azken egunean eta intzidentzia metatua 509,26 kasukoa da; 10-19 urtekoenean 269 (2.296,76), 20-29 urtekoenean 268 (2.627,76), 30-39 urtekoenean 116 (947,84), 40-49 urtekoenean 67 (417,62), 50-59 urtekoenean 68 (359,59), 60-69 urtekoenean 56 (329,22), 70-79 urtekoenean 18 (137,50), 80-89 urtekoenean 19 (182,63) eta 90 urtetik gorakoen artean bat ere ez (209,52).
Positiboek behera egin dute Nafarroan, hirugarren egunez jarraian
Nafarroan, hiru egunez jarraian egin du behera covid-19ak kutsatutako positiboen kopuruak. Atzo 295 positibo izan ziren, larunbatean 361 eta ostiralean 441, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera.
Datuak herriz herri aztertuta, Berriozar (18 positibo), Lizarra (17) eta Tutera (15) nabarmentzen dira, baita Iruñea ere (74); hiriburuan, Arrotxapea eta II. Zabalgunea auzoetan hamarna kasu atzeman zituzten atzo.