Gizartea -
Koronabirusa
Positibo berriak 1.206ra jaitsi dira Euskadin, baina gaixoen kopuruak gora egin du ZIUetan
Positibotasun-tasa hiru hamarren igo da azken 24 orduetan, % 14,1eraino. Gainera, koronabirusa atzemateko 8.575 proba egin dituzte larunbat honetan, aurreko egunean baino 3.313 proba gutxiago (11.888 proba egin zituzten bezperan).
A. O. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 1.206 covid-19 kasu berri zenbatu ditu larunbat honetan, bezperan baino 432 gutxiago. Alabaina, positibotasun-tasa zertxobait igo da azken orduetan, eta % 14,1ean kokatu da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera.
Bestalde, 34 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte azken orduetan, eta zainketa intentsiboetako unitateetan gaixoek gora egin dute; 55 izan arte, aurreko egunean baino hiru gehiago.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 635 kasu berri atzeman dituzte Bizkaian larunbat honetan (ostiralean baino 306 positibo gutxiago), beste 367 Gipuzkoan (aurreko egunean baino 84 gutxiago) eta 177 Araban (27 gutxiago). Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren 27 pertsona EAEn kutsatu dira (aurreko egunean 42 ziren).
Halaber, azken orduetan 34 pertsona ospitaleratu dituzte gela arruntetan covid-19ren eraginez, hau da, aurreko egunean baino 27 gutxiago, baina zainketa intentsiboetako unitateetan gaixoen kopuruak gora egiten jarraitzen du; 55 pertsonara iritsi arte (ostiralean baino hiru gaixo gehiago).
Hain zuzen ere, koronabirusa atzemateko 8.575 proba egin dituzte larunbat honetan, aurreko egunean baino 3.313 proba gutxiago (11.888 proba egin zituzten bezperan). , eta 1206 kutsatu berri izan dira. Horrela, azken orduotan egindako probekin alderatuta, positibotasun-tasa % 13,8tik % 14,1era igo da.
Testuinguru horretan, Segurtasun Sailak EAEko hainbat tokitan izandako botiloi, festa eta istiluen berri eman du gaur. Mutriku, Plentzia, Elorrio, Zumaia, Sopela, Irun, Mutriku eta Urretxun botiloiak egon dira goizaldean. Gainera, hiru pertsona atxilotu dituzte, desordena publikoarengatik, Donostian, Villabonan eta Urretxun.
Bi pertsona hil dira Nafarroan koronabirusaren eraginez
Nafarroako Gobernuko Osasun Sailaren behin behineko datuen arabera, 363 covid-19 positibo berri zenbatu dituzte larunbat honetan, bezperan baino 78 gutxiago.
Gainera, azken 24 orduetan 11 ospitaleratze izan dira, horietako lau ZIUn. Guztira, 84 pertsona daude ospitalean, horietatik 14 ZIUn. Ildo horretatik, 63 eta 61 urteko bi emakume hil dira Nafarroan covid-19aren ondorioz, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Nafarroak azken bost egunetako joera hautsi eta 400 kasuetatik jaistea lortu du. Izan ere, 2.537 proba egin ondoren, positibotasuna % 14,3an kokatu da.