Gizartea -
Etxeratzeko agindua
Kale edana eta festak Nafarroan, etxeratzeko agindupeko lehen asteburuan
Iruñeko Gaztelu Plazan 14 pertsona atera dituzte lokal batetik, etxeratzeko agindua eta osasun neurriak ez betetzeagatik.
Agentziak EITB Media
Foruzaingoak hainbat botiloi eta festa desegin ditu Nafarroan, etxeratzeko agindupeko lehen asteburuan. Larunbateko eta igandeko gauetan jende pilaketa ugari izan dira Foru Erkidegoan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Iruñean, udaltzainek bi botiloi eta festa bat desegin dituzte gaur goizaldean. Hiriko koronabirus intzidentzia altua dela eta, etxeratzeko agindua dute eta debekatuta dago 01:00etik 06:00etara kaletik ibiltzea. Foruzaingoak Twitterren idatzi duenez, 03:30ean Gaztelu Plazako lokal batera sartu eta 14 pertsona bertatik atera dituzte, etxeratzeko agindua eta osasun neurriak ez betetzeagatik.
Gainera, botiloi bana egon da Zitadelan eta El Vergel inguruan.
Bestela, etxeratzeko agindupeko ordutegian botiloiak izan dira Murietan eta Atarrabian, Segurtasun Sailak azaldu duenez. Erantsus, Martzilla eta Caparrosoko hainbat festatara ere bertaratu da Polizia.
Gainetik, jende pilaketak izan dira Leraten, Biurrunen (isunak jarri dituzte elkarte gastronomiko batean edariak saltzeagatik), Olatzagutian, Altsasun, Añorben eta Caparroson. Azken udalerri honetan, agenteek 37 lagun identifikatu dituzte.