Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo berriak 363ra jaitsi dira Nafarroan, baina bi emakume hil dira
Gainera, azken 24 orduetan 11 ospitaleratze izan dira, horietako lau ZIUn. Guztira, 84 pertsona daude ospitalean, horietatik 14 ZIUn.
Berezi Fernandez | EITB MEDIA
63 eta 61 urteko bi emakume hil dira Nafarroan covid-19aren ondorioz, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Gainera, azken 24 orduetan 11 ospitaleratze izan dira, horietako lau ZIUn. Guztira, 84 pertsona daude ospitalean, horietatik 14 ZIUn.
Nafarroako Gobernuko Osasun Sailaren behin behineko datuen arabera, 363 covid-19 positibo berri zenbatu dituzte larunbat honetan, bezperan baino 78 gutxiago. Hala, Foru Erkidegoak azken bost egunetako joera hautsi eta 400 kasuetatik jaistea lortu du. 2.537 proba egin ondoren, positibotasuna % 14,3an kokatu da.
Iragan asteko larunbatean 335 positibo zenbatu zituzten (% 13,4ko positibotasuna), igandean 399 (% 16,3), astelehenean 439 (% 14,2), asteartean 459 (% 14,9), asteazkenean 434 (% 13,6), ostegunean 447 (% 14,5) eta ostiralean 441 (% 15).
Txertaketari dagokionez, larunbatean 2.266 dosi eman dituzte. Guztira, 764.311 txerto jarri dituzte dagoeneko Nafarroan. 374.912 nafarrek dosi guztiak hartu dituzte jadanik.
Hala ere, egoerak duela astebetekoa baino larriagoa izaten jarraitzen du; izan ere, 335 positibo atzeman zituzten uztailaren 18an.
Intzidentziarik altuena Iruñeko Donibane auzokoa izan da, 20 positiborekin. Honen atzetik, hiriburuko II Zabalgunean 18 kasu berri atzeman dituzte. 17 kutsatu berri daude, ostera, Errotxapea auzoan eta Lizarran.
Etxeratzeko agindua, positibo tasa altua duten udalerrietan
Azken egunotako datuak mahai gainean, Nafarroako Gobernuak eta Justiziak neurriak hartzea ebatzi dute. Izan ere, uztailaren 24tik etxeratzeko agindua dute egoera epidemiologiko larrian dauden udalerrietan.
Etxeratzeko agindua indarrean sartu zen lehenengo gauean istilurik egon ez zen arren, Iruñeko Udaltzaingoak bi botiloi eta festa bat desegin ditu gaur goizaldean.
Udaltzaingoak Twitterren idatzi duenez, 03:30ean Gaztelu Plazako lokal batera sartu eta parrandan zeuden 14 pertsona bertatik atera dituzte, etxeratzeko agindua eta osasun neurriak ez betetzeagatik.