Gizartea -
Argindarra
Hidrohegazkin batek 45 minutuko itzalaldia eragin du sare elektrikoan, istripu bat izan ostean
Matxura horrek ehunka mila etxeri eragin die, arratsaldeko lehen orduan. Hori dela eta, Euskadiko eta Nafarroako familia asko argirik gabe geratu dira. Dena dela, arazoa konponduta dago jada.
EITB Media
Hidrohegazkin batek 45 minutuko itzalaldia eragin du larunbat honetan sare elektrikoan, tentsio oso altuko argindar linea batekin istripua izan ostean, eta penintsulako sare elektrikoa Europako gainerako tokietatik aldi baterako deskonektatzea eragin du.
Hain zuzen ere, hidroabioiak Espainiako Sare Elektrikoaren "400.000 volteko tentsio oso altuko linea batekin" izan du istripua, eta matxura horrek ehunka mila etxeri eragin die, arratsaldeko lehen orduan. Hori dela eta, Euskadiko eta Nafarroako familia asko argirik gabe geratu dira.
Nafarroan, batez ere, Lizarraldea izan da gunerik kaltetuena, eta Ayeguin ere arazoak izan dituzte argindarrarekin. Argi-mozketak Tuteraraino iritsi dira, eta Udaltzaingoak zentralita ez kolapsatzeko eskatu die herritarrei, egoeraz galdezka dei ugari jaso baitituzte.
Argi-mozketak arratsaldeko lehen orduan izan dira (16:30etik 17:00etara), eta 45 minutu inguru iraun dute, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroan, Madrilen, Katalunian, Andaluzian, Aragoin, Gaztela eta Leonen, Extremaduran eta Murtzian.
Era berean, Portugalgo hainbat tokitan ere arazoak izan dira. Kaltetutako eremuetako batzuk hauek dira: Lisboa, Sintra, Estoril, Setubal, Vila Nova de Famalicão, Guimarães, Braga eta Algarve.
Dena dela, arazoa konponduta dago jada, eta interkonexioa eta hornidura elektrikoa konponduta daude dagoeneko, Espainiako Sare Elektrikoak Twitter bidez zabaldutako mezu batean azaldu duenez.