Gizartea -

Pandemiaren aurkako legea

Noiz da derrigorrezkoa musukoa erabiltzea eta noiz ez?

Dekretu berriaren arabera, beste pertsona batzuekin metro eta erdiko segurtasun-tartea gorde ezin denean, uneoro erabili beharko da; hau da, hiri-eremu guztietan.

Hainbat pertsona musukoarekin kalean. Argazkia: EFE.
Hainbat pertsona musukoarekin kalean.
Hainbat pertsona musukoarekin kalean. Argazkia: EFE.

Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Musukoa erabiltzea nahitaezkoa da Euskadin hiriguneetan gutxieneko segurtasun-distantzia mantendu ezin bada. Baina, horrek esan nahi du nahitaezkoa dela kalean beti musukoa erabiltzea? Zer da zehazki hirigune bat? Lehendakariak ba al du eskumenik maskararen erabilera inposatzeko?

Lehendakariaren dekretu berriak ez du aldaketarik ekarriko herritarrentzat; izan ere, Espainiako Gobernuak duela hilabete onartu zuen lege-dekretuak xedatzen zuen maskara ez dela derrigorrezkoa izango aire zabaleko espazio publikoetan, segurtasun-tartea gorde daitekeenean.

Horren harira, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, dekretu berriak "zehaztu" egin nahi izan du musukoa derrigorrezkoa dela beharrezkoa den tartea mantendu ezin daitekeenean. Bere ustez, badirudi Ministroen Kontseiluaren lege-dekretuak "maskararen erabilera salbuespen modura planteatzen duela", baina lehendakariaren dekretuaren kasuan, ordea, "salbuespena maskara ez erabiltzea da".

Olga Rodriguez Iuris ikerketa juridikoko abokatuak eitb.eus-i azaldu dionez, lehendakariak eskumena izango luke ildo horretako neurriak hartzeko gaur egun gauden osasun-larrialdi egoeraren baitan, "Pandemiaren aurkako lege autonomikoaren eta 1986ko Osasun Publikoaren Legearen arabera".

Maskararen erabileraren inguruan sor daitezkeen zalantzak direla eta, Eusko Jaurlaritzak honako gida hau argitaratu du:

Noiz da derrigorrezkoa maskara erabiltzea eta zer dira jende asko ibiltzen den hiriguneak?

Maskara nahitaez erabili behar da, baldin eta pertsonen artean 1,5 metroko gutxieneko distantzia etengabe mantentzea ezinezkoa bada.

Horrenbestez, musukoa nahitaez erabili behar da jendea dabilen hiri-ingurune guztietan, hala nola hiri eta herrien alde zaharretan, merkataritza- eta denda-guneetan, merkatuetan, azoka txikietan edo ostalaritza-establezimenduak dauden eremuetan, bai eta itsas eremu eta pasealeku guztietan ere, haur-parkeetan, espaloietan, oinezkoentzako pasabideetan, plazetan edo jendea biltzen den kaleetan.

Salbuetsita dago natura-ingurunean maskara erabiltzea, baldin eta elkarrekin bizi ez diren beste pertsona batzuekin pilaketarik gertatzen ez bada.

Derrigorrezkoa da musukoa erabiltzea ostalaritza establezimenduetan?

Bai. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan uneoro nahitaez erabili beharko da musukoa, bai barrualdean eta baita terrazetan ere. Ez da beharrezkoa izango elikagaiak edo edariak hartzeko unean.

Musukoa ken dezaket kirola egiten dudan bitartean?

Musukorik gabe kirola egin ahal izango da inguru naturaletan, hirien kanpoaldean oinezkorik ez bada, igerilekuetan, taldekako entrenamendu eta lehiaketetan taldea lehiaketa profesional edo erdi-profesionaletan murgilduta badago eta jarduera fisiko gogorra egitean, beti ere aire zabalean.  

Derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea hondartza eta igerilekuetan?

Ez da nahitaezkoa izango maskara erabiltzea hondartza eta igerilekuetan bainu bat hartzen ari garen bitartean eta gune jakin batean geldirik gaudenean, beti ere pertsonen artean gutxieneko segurtasun-tartea mantentzen bada. Hondartza eta igerilekuetan egindako desplazamendu eta paseoetan musukoa derrigorrez erabili beharko da.

Derrigorrezkoa da musukoaren erabilera garraio publikoa erabiltzean?

Derrigorrezkoa eta ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea sei urtetik gorako pertsona guztientzat garraio publikoa erabiltzean, bidaiaren hasieratik amaiera arte, salbuespeneko legezko kasuetan izan ezik.

Ez da nahitaezkoa izango maskara erabiltzea garraio pribatuan ibilgailuan doazen pertsona guztiak elkarrekin bizi badira.

Halaber, garraio publikoko ibilgailua gidatzen duen profesionalak maskara eraman beharko du zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta bidaiari-leku propio bat ez badu edo babes-manpara batez mugatutako leku batean ez badago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Maskarak