Gizartea -

Koronabirusa

Gazteria, beti jomugan pandemia garaian

Festak, botilioiak eta agerraldiak dira albiste, baina erantzukizuna, konpromisoa eta esfortzua ere azaldu dute gazteek, nahiz eta horrek ondorio psikologikoak izan.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

Eriz Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazteak beti egon dira jomugan covid-19 pandemian, askotan festekin eta agerraldiekin lotuta. Lehen itxialdi eta deseskalatzearen ondoren lonjetako jende pilaketak heldu ziren, eta ondoren botilioiak eta ikasbidaiekin lotutako agerraldiak (Mallorca, Salou eta Conil). Adin tarte horretako intzidentzia handia mintzagai da azken egunetan. Ostalaritzarekin batera, pandemian lerroburu gehien izan dituen biztanleriaren sektorea izan da.

Esan bezala, une honetan gazteen artean covid-19ak duen intzidentzia handia da albistea. Gazteen txertaketa masiboa hasi da; hala ere, gehiengoak ez du bigarren dosia irailera arte jasoko. Aurretik baina, bestelakoak izan dira lerroburuak:

Besteak beste, kalean edateko Mendillorrin bildutako 70 gazte sakabanatu ditu Iruñeko Udaltzaingoak; 9 metro karratuko gela batean zeuden 19 gazte salatu dituzte Iruñean; Ertzaintzak 200 bat gazteko kale-edana handi bat desegin du Artxandan (Bilbo); 122 gazte espedientatu dituzte Gasteizen, osasun-arauak ez betetzeagatik; Derioko komentu batean jai bat ospatzen ari ziren dozenaka gazte identifikatu dituzte… azken urtean lerroburu izan dira eitb.eusen.

Hala ere, Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendariak iragan asteburuan azpimarratu zuenez, orokorrean "gazteek lagundu" dute, "erantzukizuna eta egoerari eusteko" eskatu zaienean. Udari begira "azken esfortzu" bat eskatu die.

Ondorio psikologikoak

Gazteen bizitzak 180 graduko aldaketa eman du. Itxialdian egun guztia etxean, eta egun osoa hedabideetan mintzagai, baina ez entzunak izateko, hain zuzen ere. Askok jomugan daudela, eta horregatik erantzukizuna gehienetan leporatzen zaiela uste dute.

Zentzu horretan, Juanan Tejero psikologo sozialaren hitzetan, "gazteak garatzeko prozesuak galtzen ari direla ahazten dugu zenbaitetan, eta hitz egiterakoan orokortzen dugu".

Gainera, Tejerok gogorarazi duenez, "osasuna ongizate fisiko, mental eta soziala da", eta azken hori bazterrean uzteak "etorkizunean ondorioak eragin ditzake".

Maialen Arrieta: "Txertoa jartzeko aukera izan nuenean beldur nintzen eta uko egin nion. Damu naiz"
Maialen Arrieta: "Txertoa jartzeko aukera izan nuenean beldur nintzen eta uko egin nion. Damu naiz"
Maialen Arrieta: "Txertoa jartzeko aukera izan nuenean beldur nintzen eta uko egin nion. Damu naiz"

4:53

Pandemiarekin lotuta, gazteriak kezkak eta ardurak ditu; adibidez: askatasun beharrizana eta familiarekiko distantzia, kutsatzeko eta hiltzeko beldurra, hipokondria, antsietatea, tristura, bakartasuna eta ezintasuna, besteak beste.

Gasteizen, urte arrunt bateko lehen seihilabetekoan 250 gazte inguruk erabiltzen dute Udalaren arreta psikologiko zerbitzua; aurten 500 baino gehiagok erabili dute epe berdinean.

Bestalde, alarma egoeraren adierazpenak ondorioak izan zituen gazterian, landa-inguruan batez ere. Substantzia eta teknologia kontsumoan eragina izan zuen. Mugikortasun murrizketek, jendea biltzeko mugek edo kirola bertan behera geratzeak substantzien kontsumoa areagotu zuten, baita haien normalizazioa eta ikusgarritasuna ere. Sare sozialen erabilerak ere nabarmen gora egin zuen.

Esfortzua eta boluntarioak

"Esfortzu intelektual, emozional eta ekonomiko ikaragarria beharrezkoa izan da: ikasleek etxetik ikasi eta azterketen tentsioa bertatik bizi behar izan dute; ikasle-egoitzetan neurri eta araudi gabeziak zalantza asko sortu ditu, eta beka eta praktikekin zer gertatuko zen ez da azken unera arte batere argi egon", nabarmendu du zuen Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK).

"Lan arloan zalantza asko dira, pertsona gazteen informazio faltak eta aldi baterako lan-erregulazioek prekarietatea areagotu dute", erantsi zuen EGKk.

Hala ere, gazteek boluntario sareetan egindako lana azpimarratu du Kontseiluak: "beharrizan sozial ezberdinei erantzuten urteak daramatzate, gazte esparruetatik haratago. Pertsona gazte boluntarioek egindako lana ikaragarria eta ezinbestekoa da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Zuberoa Koronabirusa Lapurdi Nafarroa Beherea Alarma egoera Deseskalatzea Gazteak