Gizartea -

Koronabirusa

Kutsatzeek puztuta jarraitzen dute EAEn, eta hazi egin da ospitaleetako okupazio maila

1.769 positibo berri zenbatu dira, bezperako errekorraren ondotik bigarren datu altuena. Erietxeetako egoera ere gehiago kaskartu da, eta gora egin dute ospitaleratzeek (47, aurrekoan baino 18 gehiago) eta ZIUetan dauden gaixo kopuruak (50 dira dagoeneko, bi gehiago).

Donostia Ospitaleko Larrialdiak. Artxiboko argazkia: EFE
Donostia Ospitaleko Larrialdiak.
Donostia Ospitaleko Larrialdiak. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hanpatuta jarraitzen dute covd-19 kasuek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), atzokoan hautsitako markaren ildotik. Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratutako buletin epidemiologikoaren arabera, 1.769 positibo berri zenbatu dira, asteazkenean baino 32 gutxiago. Halaber, ospitaleetako presioa handiagoa da, 47 pertsona erietxeratu baitituzte eta 50 gaixo daude larri ZIUetan.

Bizkaian zenbatu dituzte positibo gehien (966), baina behera egin dute (-122) bezperakoarekin alderatuta. Gipuzkoan (564) eta Araban (197), berriz, gora egin dute azken orduetan (82 eta zazpi gehiago, hurrenez hurren). Halaber, igo egin dira EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean atzemandako positiboak, eta 42 izan dira.

Datu kaskarrek azken 14 egunetako intzidentzia metatuan izan dute eragina, eta EAEko pilatutako tasa 731 kasura igoarazi dute (49 puntuko igoera). Gipuzkoak du daturik txarrena, 778ko tasarekin, baina goranzko joera apaldu dela ikus daiteke. Kontrako bilakaera du Bizkaiak (705 kasu), egun bakarrean 57 puntu hazi baita intzidentzia. Arabako tasa 565 kasukoa da 100.000 biztanleko.

Atzo egindako 12.586 proba diagnostikoetatik % 14,1 izan ziren positibo, eta hala, positibotasun tasa lau hamarren igo da.

Kasuek ospitaleetako okupazioa handitzen jarraitzen duten arren, bi kurbek ez dute aurreko olatuetan izandako bilakaera bera, behean dagoen grafikoan ikus daitekeenez. Hala, azaroko egoera makurra gainditzen dituzten kopuruak izan arren, ZIUetako egoera ez da orduan bezain txarra eta urriko okupazioaren mailan kokatzen da (halako haran bat egon zen orduko hartan).

Bada itxaropenerako daturik: R0a, positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua adierazten duen indizea, apur bat jaitsi da (1,30etik 1,27ra). Horrez gain, tasen arrazoiak ere behera egin du. Azken 14 egunetako intzidentzia zazpi eguneko intzidentziarekin alderatzen du adierazle horrek.

Bestalde, atzemandako 1.769 kasuetatik 1.012 10 eta 29 urte artean zituzten eta metatutako intzidentzia altuena 17-18 urteko gazteei dagokie: 100.000 biztanleko 4.616 kasutan dago.

Azkenik, gorria da nagusi koronabirusaren semaforoaren mapan, eta lau udalerri handi baino ez daude gune kritikotik kanpo. Kezkagarria da oso Markina-Xemeingo egoera (Bizkaia): azken orduetan 47 kasu atzeman ditu eta intzidentzia metatua 2.686 puntutan du, EAEko altuena. Ondoren datoz Mutriku (1.392 kasu 100.000 biztanleko) eta Zumaia (1.383rekin), biak ala biak Gipuzkoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea