Gizartea -
Koronabirusa
LABIk onartutako neurri guztiak
Kontsultatu hemen LABIk ostegun honetan (uztailak 22) onartu dituen murrizketen zerrenda.
EITB Media
Hauek dira LABIk ostegun honetan, uztailak 22, covid-19ari aurre egiteko onartu dituen neurri guztiak. Larunbatean, uztailak 24, sartuko dira indarrean, edukiera-muga berriak izan ezik, horiek astelehenean, uztailak 26, hasiko baitira:
Musukoak
Aire zabaleko espazioetan maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, baldin eta pertsonen artean metro eta erdiko distantzia etengabe mantendu ezin bada.
Ondorioz, musukoa nahitaez erabili beharko da hiriguneetan.
Jatetxe eta ostalaritza establezimendu eta zerbitzuetan nahitaez erabili behar dira (barnealdean eta terrazetan). Salbuespen bakarra jateko edo edateko unea da.
Edozein kirol-jardueratan ez da maskararik erabiliko naturguneetan, hiriguneetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, entrenamenduetan eta taldeen lehiaketetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean, ezta kanpoko jarduera fisikoko uneetan ere.
Hondartzetan eta igerilekuetan ez da derrigorrezkoa izango, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespeta badaiteke. Hondartzetara eta igerilekuetara joan-etorriak egiteko, maskara erabili beharko da nahitaez.
Garraio publikoan ere derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.
Harreman sozialak
Dekretu berriak 01:00era aurreratu du jarduera komertzial, sozial eta kultural guztiak ixteko azken ordua.
Lokal eta instalazio guztietarako baimendutako gehieneko edukiera % 35era murriztu da.
Gizarte, kultura edo kirol ekitaldietako gehieneko pertsona-kopurua murriztu egin da, parametro hauen arabera:
- 1.600 pertsona hartzeko edukiera duten esparruetan: 400 gehienez barrualdean, eta 600, kanpoaldean.
- 1.600 eta 5.000 bitarteko esparruetan: 600 gehienez barrualdean, eta 800, kanpoaldean.
- 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan: % 20ko edukiera gehienez.
- Antolatzaile jakin baten kontrolpean ez dauden pertsonen pilaketak gertatzen diren ekitaldietan, pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia mantentzeko betebeharra ezarri beharko da. Pertsona bakoitzeko gutxieneko edukiera lau metro koadrokoa da, pilaketarik ez izateko.
Nolanahi ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren jarraibideak errespetatu behar dira.
Erantzukizun sanitarioko betebehar zibikoak
Dekretu berriak ezartzen duenez, kutsatze-kasu batek edo haren kontaktu estuak eragindako pertsonek nahitaez lagundu behar dute kutsatzeen arrastoan eta trazabilitatean, ahalik eta azkarren eta egiazkotasun handienarekin.
Dekretuak, halaber, konfinamenduaren edo koarentenaren betebeharra ezartzen du, osasun agintari eta zerbitzuen jarraibideak betez.
Jende pilaketak saihesteko deiak
Covid-19aren kontrako EAEko Legearen 20.1 artikuluaren arabera, dekretu honi "gaueko mugikortasuna eta talde pilaketak saihesteko deialdi berezi bat" gehitzen zaio.
Horren bidez, herritarrei, norberarekiko erantzukizunean oinarrituta, borondatezko autolimitazioa eskatzen zaie, honako neurri hauek aplikatzeko:
- Gaueko mugikortasuna mugatzea 01:00a eta 06:00ak bitartean.
- Taldekatzeko muga: gehienez sei pertsona (bizikideak ez badira).
- Autokonfinamendua eta autoisolamendu pertsonala, covid-19arekin bateragarriak diren lehen sintomak izan bezain laster; baita osasun-zerbitzuekiko harremana ere.