Gizartea -
Abisu meteorologikoa
Ostegun honetan Araban baso-suteak izateko arriskuaz ohartarazi dute, tenperatura altuengatik
Arratsaldeko hirurak eta zortziak bitartean, 36 gradura irits daiteke trantsizio-eremua deritzonean, batez ere probintziaren erdialdean eta iparraldean, eta 37 gradura hegoaldean, Ebro ibaiaren inguruan.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohartarazi duenez, bihar, osteguna, baso-suteak izateko arrisku handia egongo da Araban, 37 gradu harrapatuko baitira hainbat tokitan, iragarpenen arabera.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du ostegunerako; izan ere, 15:00ak eta 20:00ak bitartean 36 gradurainoko tenperaturak izango baitira trantsizio-eremuan, batez ere Arabako erdialdean eta iparraldean, eta 37 gradurainokoak hegoaldean, Ebro ibaiaren ibarrean.
Horrez gain, beste abisu hori bat jarriko dute martxan, tenperatura, airearen hezetasun erlatibo txikia eta hegoaldeko haizea direla eta.
Kostaldean, Euskalmeten arabera, 30 graduak nekez gaindituko dira, haizeteari esker.
Ostiralerako, tenperaturak behera egingo duela iragarri du Euskal Meteorologia Agentziak, eta larunbatean are gehiago jaitsiko da.