Gizartea -
Unibertsitatea
EHUk 2021-2022 ikasturteko matrikula epea ireki du
18.500 pertsonak egin zuten aurrematrikula, iaz baino bi mila gehiagok. Eskaeren gorakada horrek gutxieneko notak igotzea eragin du, oro har.
EITB Media
Euskal Herriko Unibertsitateak gaur, uztailak 19, ireki du 2021-2022 ikasturtean gradu ikasketak hasiko dituzten ikasleentzako matrikula epea. Guztira 18.498 pertsonak egin zuten aurrematrikula, iaz baino bi mila gehiagok; ondorioz, gutxieneko notak, orokorrean, igo egin dituzte.
Lehen matrikula epea ostegunera arte, uztailaren 22ra arte, egongo da zabalik. Horretarako, interesatuek gradua egingo duten EHUko ikastegira jo beharko dute matrikula egiteko.
Unibertsitateak berak jakitera eman duenez, hauexek dira mozketa-nota altuenak dituzten hamar graduak:
Fisika + Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza | 13,348 |
Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua | 13,236 |
Medikuntzako Gradua | 13,065 |
Bioteknologiako Gradua | 12,946 |
Double Bachelor´s degree in Business and Economics | 12,934 |
Medikuntzako Gradua (euskaraz) | 12,934 |
Farmazia + Giza Nutrizio eta Dietetikako Gradua | 12,884 |
Fisikako Gradua | 12,840 |
Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologiako gradu bikoitza | 12,832 |
Matematikako Gradua | 12,739 |
Zelan egin matrikula?
Batxilergotik datozen ikasleak izango dira lehenak matrikula egiten, baita 25-45 urtetik gorakoak, Goi Mailako Heziketa Zikloetakoak eta lan-esperientzia dutenak eta titulatuak ere.
Matrikula egiteko lehen epea uztailaren 19a eta 22a bitartean izango da, eta, ondoren, uztailaren 26an eta 27an, bigarren deialdian deitutakoak matrikulatuko dira; hirugarrenean deitutakoek, aldiz, uztailaren 29an izango dute matrikula egiteko aukera. Azken bi deialdi horietan aurreko zerrendan libre geratu diren plazak esleituko dituzte. Ondoren, irailean, beste hiru deialdi egingo dira.