Gizartea -
Lapurdi
Sutea izan da Urruñako txertaketa-gunean, eta nahita egindako erasoa izan ote den ikertzen ari dira
Baionako fiskalaren iritziz, nahita egindako erasoa izan da "zalantzarik gabe". Betea dagoen txertatze-agendari bere horretan eusteko lanean dihardute arduradunek.
o.p. | eitb media
Urruñako txertaketa-guneari su eman diote bart. Hala uste du, behintzat, Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak, "nahita egindako erasoa" izan dela salatu du eta ikerketa abiatuarazi.
Sud Ouest egunkariak eman du albistea. Bertan adierazten denez, sutea nahita eragindakoa izan daitekeela sumatuta, Fiskaltzak Baionako Polizia Judizialari eskatu dio ikerketa abiarazteko.
Antza denez, suhiltzaileen lan bizkorrari esker, kalte handiagoak saihestu ahal izan dira.
Urruñako Gizarte Gaietarako zinegotzi Daniele Bideondo-Baronek erasoa deitoratu du, "besteak beste, bete-betea dagoelako txertaketa agenda". Adierazi duenez, "mundu guztiak du txertoari buruzko iritzia izateko eskubidea, baina ekintza tamalgarri honek urruñar guztiei egiten die kalte". Sud Ouest-ek jasotako adierazpenetan Bideondo-Baronek esan du, txertaketa-gunea karpa batean jartzea erabaki zutela "osasun-krisiaren ondorioz oso kaltetuta dauden beste espazio batzuk nahastea saihesteko".
Asteazkenetik aurrera txertaketa-kanpainari berrekiteko ahal duten guztia egiten ari direla adierazi du. Urruñako txertaketa-zentroa zabalik da asteazken eta ostiraletan, abuztuaren amaierara arte, 05 59 47 95 08 telefonoan eskatu behar da txanda.