Gizartea -

KORONABIRUSA

Izurriak okerrera egiten jarraitzen du EAEn, eta ospitaleetako egoera ere kaskartzen ari da

126 pertsona daude erietxeetako gela arruntetan (bezperan baino 28 gehiago) eta ZIUetan 31 eri daude, larri. Atzemandako 1.345 kutsatze berrietatik erdia baino gehiago 19-39 urtekoei dagozkio.

Galdakaoko Ospitaleko ZIU gela bat. Argazkia: EFE
Galdakaoko Ospitaleko ZIU gela bat.
Galdakaoko Ospitaleko ZIU gela bat. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren transmisioak ez du etenik, eta testuinguru horretan, 1.345 positibo berri zenbatu dituzte azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Kasuak erietxeetara iristen hasi da, gainera. Hala, ostegun honetan 126 pertsona zeuden gela arruntetan, bezperan baino 28 gehiago, eta ZIUetan, 31 (asteazkenean baino hiru gehiago). Ospitaleratze berriek ere gora egin dute (47, bezperan baino 16 gehiago).

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratutako buletin epidemiologikoaren arabera, atzokoan egindako 11.894 proba diagnostikoetatik % 11,3 positibo izan dira, eta hirugarren egunez jarraian, milakotik gora kutsatzeak. Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, gorakada nabarmena izan da, gainera. 672 positibo hauteman dituzte, bezperan baino 161 gehiago. Gipuzkoak transmisio altuarekin jarraitzen du, baina asteon lehen aldiz, behera egin dute kasuek (482, -20). Araban 163 positibo detektatu dituzte, asteazkenean baino bederatzi gehiago.

Dena dela, azken 14 egunetan pilatutako positibo kasuei dagokienez, Gipuzkoak jarraitzen du buru: 553 kasuko tasa du 100.000 biztanleko. Gipuzkoarekin zuen tartea txikitu du Bizkaiak, eta gune gorrian sartzear da, 395 punturekin. Arabako intzidentzia tasa metatua ere igo egin da, balio apalagoetan bada ere (348 puntu). Ingurumaria horretan, EAE osoko tasa 42 kasutan hazi da, 100 000 biztanleko 458 puntutan kokatuta. Asteon izan duen hazkunderik altuena da.

40 urte baino gutxiagoen artean dago egoera makurren. Atzoko 1345 positiboetatik erdia baino gehiago 19-39 urtekoei dagokie (714 kasu), eta adin tarte horretan intzidentzia tasa metatua 1.000tik gora dago dagoeneko (1.054 kasu, aste hasieran 713koa zenean). 17-18 urtekoen artean adierazle hori gorantz ari da: gaur gaurkoz 2.969 kasukoa da tasa (igandean, 2536koa).

Hazi den bestea positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua adierazten duen zenbakia (R0a), 1,41ekoa da orain. Epidemiologoen esanetan, zenbaki hori 1etik behera egotea komeni da.

Koronabirusaren semaforoan gorria nagusitzen ari da, eta 5000 biztanle baino gehiagoko beste zortzi udalerri batu dira gune latzenera. Bizkaian, aipatzeko moduak dira Balmasedan atzemandako 15 positiboak, eta intzidentzia tasa ere ia 1.000koa du (995). Gipuzkoan, Donostia zenbatutakoez gain, Irun, Beasain eta Azkoitian hautemandako kasuen gorakada da nabarmentzekoa: 45, 26 eta 17 positibo berri, hurrenez hurren.

Bost positibo Gipuzkoako bi egoitzetan

Gipuzkoako adinekoen bi egoitzatan bost kasu positibo berri atzeman dira azken orduetan. Hiru kasu Donostiako Aldakonea egoitzako erabiltzaileen artean izan dira, eta beste biak Irungo Inmaculada egoitzan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, guztiek txertoa jasota zuten. Lau pertsona covid-19 erreferentziazko zentrora eraman dituzte, Eibarko Ospitalera, prebentzioagatik eta birusa zabaltzea saihesteko. Adineko beste pertsona bat ospitalean dago, aldez aurretik arnasteko gaixotasun bat zuelako.

Bestalde, uztailaren 1ean positibo eman zuten Sanmarkosene (Errenteria) zentroko bi lagunek gaixotasuna gainditu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak