Gizartea -

Koronabirusa

OMEk ez du gomendatzen covid-19aren aurkako hirugarren dosi bat erabiltzea, oraingoz

Datu zientifikoek “ez dute oraingoz justifikatzen” indartze-dosi hori, eta, gainera, hori egiteak “desberdintasuna areagotzen” duela deitoratu dute, garapen bidean dauden herrialde askok oraino ere ezin izan baitituzte beren populazio zaurgarriak immunizatu.

Covid-19aren kontrako txertoa prestatzen. Argazkia: EFE.
Covid-19aren kontrako txertoa prestatzen.
Covid-19aren kontrako txertoa prestatzen. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) "oso zuhur" jokatzeko eskatu die herrialde-kideei; era berean, gomendatu die ez daitezela hasi covid-19aren aurkako hirugarren dosiak ematen, horrek ez baitu lagunduko txertoen banaketa globalean oreka bat lortzen.

Azkeneko datu zientifikoen arabera, "oraingoz ez dago justifikatuta" indartze-dosi hori, eta, gainera, hori egiteak "desberdintasuna areagotuko luke", garapen bidean dauden herrialde askok oraino ere ezin izan baitituzte beren populazio zaurgarriak immunizatu, Didier Houssin OMEko covid-19aren Larrialdi Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez.

Batzordea hiru hilean behin biltzen da pandemiaren egoera aztertzeko, eta OMEko kide diren herrialdeei gomendatu die oraingoz "serioski" azter dezatela distantzia soziala gordetzeko neurriak mantentzea, delta aldaera kutsakorra areagotzen eta areagotzen ari delako egunotan.

Zortzigarren bileraren ostean egindako gomendioetan, batzordeak OMEren alde egiteko eskatu die gobernu guztiei, txertoen banaketa global orekatu hobeago baten bidez, irailean gutxienez herrialde guztietako biztanleen % 10 immunizatuta egotea lortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa