Gizartea -
UPV/EHUren ikerketa berria
Haurdunaldian kutsaduraren esposizioak haurraren garapenari eragin diezaioke
EHUk argitaratutako ikerketa baten arabera, kutsadura atmosferikoarekiko etaparik sentikorrenak haurdunaldiaren hasierako eta amaierako hilabeteak dira.
Agentziak | EITB Media
Kutsadura-partikula "finekiko" (2,5 mikra baino gutxiago) amaren esposizioak, haurdunaldiaren lehen hilabeteetan eta amaieran, eragin "zuzena" du haurtxoaren tiroide-hormonen balantzean, eta horrek garapenari eragin diezaioke, EHUk Environmental Research aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera.
Aurreko azterketen arabera, atmosferako kutsadurak tiroide-hormonak jariatzeko ardura duten tiroideei eragiten die; horiek funtsezkoak dira fetuaren hazkundea eta metabolismoa erregulatzeko, eta garrantzi handia dute garapen neurologikoan.
Hormona horien kantitatea neurtzeko, haurtxoei orpo-proba egin zaie jaio eta 48 ordura. Proba horretan tiroxina-maila neurtu dute, hau da, tiroide-hormona nagusiaren zenbatekoa, eta baita TSH-a, tiroide-hormona estimulatzailea.
Bien arteko balantzea egokia ez bada, gaixotasun larriak garatzeko arriskua handitu egiten da. Horregatik, UPV/EHUk egindako lanaren helburua izan da kutsadura atmosferikoaren eta jaioberriaren tiroxina-mailaren arteko erlazioa aztertzea, Amaia Irizarrek, EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko saileko ikertzaileak, azaldu duenez.
Zehazki, ama partikula finekiko (PM2,5) eta nitrogeno dioxidoarekiko (NO2) esposizioak haurdunaldian tiroxina-mailetan duen eragina aztertu dute, asteroko jarraipen baten bidez, ondorio horietarako "haurdunaldiaren asterik sentikorrenak" zein diren jakiteko. Horretarako, Gipuzkoako Haurtzaroa eta Ingurumena proiektuaren lagina eta PM2,5 eta nitrogeno dioxidoari buruzko datuak aztertu dituzte.
Emaitzek agerian utzi dute lotura "zuzena" dagoela haurdunaldian partikula finekiko esposizioaren eta jaioberrien tiroxina-mailaren artean, baina ez da ikusi "lotura argirik nitrogeno dioxidoarekin", azaldu du Irizarrek.
Haurdunaldiaren lehen hilabeteetako esposizioak tiroxina-maila txikiagoan eragiten du jaioberrien artean, baina haurdunaldiak aurrera egin ahala, erlazio horrek behera egiten du. Hala ere, azken fasean, lotura hori agerian geratzen da berriro, baina kontrako efektua erakusten du: "Partikula finen kontzentrazioak gora egin ahala, tiroide-hormonen mailak gora egiten du, eta horrek kontrako efektua eragiten du balantzean".
Hurrengo zeregina, Irizarrek iragarri duenez, izan beharko litzateke "partikula fin horiek haurdunaldiaren hasieran eta amaieran ondorio kontrajarriak eragitea eragiten duten mekanismoak aztertzea". Era berean, gaineratu du jarraitu behar dela aztertzen ea kutsadurak garapen neuropsikologikoari, hazkundeari edo obesitateari ere eragiten dien ala ez baieztatzeko.