Gizartea -
KORONABIRUSA
EAEk ia 1.000 positibo zenbatu ditu, transmisioaren katea ezin etenda
Gora egin du intzidentzia tasak (31 puntu) eta ospitaleetako datuak okerragoak dira. EAE eremu gorrian sartzeko zorian dago. Dena dela, azken astean ez da inor hil covid-19ak jota.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Ia 1.000 positibo (989) zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan, eta gune gorrian sartzear dago erkidegoa, 100.000 biztanleko 377ko pilatutako tasarekin. Alabaina, ifrentzuan, covid-19a dela eta, uztailaren 5etik 11ra doan astean ez zen inor hil. Datu historikoa da, pandemia hasi zenetik aste epidemiologiko batean ez baita inoiz halakorik gertatu.
Asteazkenero bezala, eguneko buletin epidemiologikoa eta astekoa kaleratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azken zazpi egunetan metatutako datuak aztertu ondoren, koronabirusagatik hildako lagunen kopurua zehaztu ohi du. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo aurreratu bezala, azken astean ez da inor zendu. Iazko martxotik lehen aldia da halakorik gertatzen dela. Egiari zor, hildakorik zenbatu gabe elkarren segidako hainbat egun izan dira izurria lehertu zenetik, iazko uztailaren 2tik 9ra, esaterako. Dena dela, zazpi egunen segida hori ez zenez igandetik igandera izan (hala dira aste epidemiologikoak), marka ez zuten bere horretan jaso.
Atzoko datuei dagokienez, 1.000 positiboetako langatik gertu geratu da EAE, 11.651 proba diagnostiko egin ostean (proben % 8,5 izan dira positibo). Lurraldeka, ohi bezala, Bizkaian atzeman dituzte gehien (462); Gipuzkoan, ondoren (398) eta Araban (94). EAEtik kanpo bizi diren 35k ere positibo eman dute proban.
Azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatuak utzitako panorama ez da hobea: EAE bera eremu gorrian (400eko langa) sartzeko zorian dago, 377 kasu pilatu baititu 100.000 biztanleko, bezperan baino 31 puntu gehiago dira, gainera. Gipuzkoak asteon gainditu du muga, eta azken datua 463 puntukoa da. Arabakoa dezente beherago dago, ordea (277).
Udalerrietan ere ez da giro. Gero eta gehiago dira 400eko tasa gainditzen dutenak, eta gaurkoan beste zazpi udalerri margotu dituzte gorriz, tartean Donostia.
Erietxeetako egoera, okerrera
Transmisioaren igoera ospitaleetan igartzen hasi da. Hori horrela, 99 pertsona daude gela arruntetan (bezperan baino 12 gehiago) eta ZIUetan ere handitu zaie presioa, 26 gaixo daude larri (hiru gehiago). Astearte honetan 31 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, aurreko egunean baino bost gehiago.
Adin tarteei erreparatuta, azken egunetako joerari eutsi zaio, eta gogorren gazteria ari da erasaten izurria. Hori horrela, 17-18 urtekoen intzidentzia tasa metatua 2.772 kasukoa da 100.000 biztanleko (egun bakarrean 113 puntu igo da). Hain goren ez badago ere, kezkagarria da 13-16 urtekoen intzidentzia ere: 804 kasu (+72).
Positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopuruari (R0 indizea) dagokionez, hazi egin da, ehunen bat bada ere, 1,30etik 1,31ra igarota. Azken bederatzi egunetako joera hautsi egin da, horrenbestez.