Gizartea -

Koronabirusa

Covid-19ak gazteengan duen intzidentzia altua aztertuko du Lurralde arteko Batzordeak

Valentziak etxeratze agindua ezarri du 32 herritan, transmisio altua eteten saiatzeko. Kataluniak ere mahai gainean du aukera. Etxeratze agindu orokor bat ezartzeko, baina, alarma egoera behar da.

Darias eta Iceta ministroak, aurreko bilera batean. Argazkia: EFE
Darias eta Iceta ministroak, aurreko bilera batean.
Darias eta Iceta ministroak, aurreko bilera batean. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako osasun arduradunek bilera dute gaur (16:00etan hasita) Lurralde arteko Osasun Batzordearen baitan izurriak gazteengan duen intzidentzia altua aztertzeko eta neurriak adosteko. Ingurumaria horretan, hainbat erkidegotan tokian tokiko etxeratze aginduak ezarri dituzte.

Horietako bat da Valentzia (464 kasu 100.000 biztanleko). Bertako Justizia Auzitegi Nagusiak 32 udalerritan etxeratze agindua ezartzeko baimena eman berri dio. Kantabriak ere 53 udalerritan ezarri nahi du gaueko mugikortasunaren debekua, baina epaileen babesa behar du oraindik.

Katalunian (Gironak eta Tarragonak 750 puntuko intzidentziak dituzte, eta Bartzelonak, 1.056koa), Generalitateko legelariek aukera hori baliatzeko argi berdea eman diote Pere Aragonesen gobernuari, beti ere tokian tokikoa bada. Nolanahi ere, justiziak baimendu behar du espresuki.

Izan ere, etxeratze agindu orokor bat (izan Estatu mailakoa zein erkidego batean bakarrik) indarrean jartzeko alarma egoera da beharrezkoa.

EAEn, LABI teknikoak bilera izan du "transmisio altuko" intzidentziari (346 puntu) erreparatzeko (halako zazpi da 17-18 urtekoen artean), baina beste adierazle batzuk bistatik galdu gabe (hala nola, ospitaleetako egoera edota txertaketa kanpaina). Ez da jakinarazi zer erabaki duten. Nafarroan (100.000 biztanleko 522 kasu), Foru Gobernuak asteroko bilera egin du, eta horren ostean, ez ditu neurri gehiago iragarri, ospitaleetako egoera hain kezkagarria ez dela argudiatuta.

Bien bitartean, iaz Espainiako Estatu osoan ezarri zen alarma egoera (lehenengoa) Konstituzioaren kontrakoa izan zela ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Valentziako Erkidegoa Alarma egoera Gazteak