Gizartea -

Bizkaia

Protestak abiatuko dituzte Trapagaranen, 85 urteko gizon baten etxea okupatu dutela eta

Alabaren etxean eriondo zegoela baliatuta, hainbat pertsona Jesus Sanchezen etxebizitzan sartu ziren ekaina amaieran. Familiak bide judiziala hasita badu ere, herritarren presioa erabili nahi du egoera konpontzeko.

Sanchezen etxea, Trapagaranen. Argazkia: EITB Media
Sanchezen etxea, Trapagaranen.
Sanchezen etxea, Trapagaranen. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Sanchez 85 urteko Trapagarango (Bizkaia) bizilagunaren familia antolatzen hasi da adinekoa gizonaren etxea okupatu dutela-eta protestak abiatzeko.

Sanchezek hamarkadak daramatza Funikular kaleko 32. zenbakian bizitzen, baina azken hilabeteak alabarenean eman ditu, ebakuntza bat egin baitiote. Hala, etxea hutsik zegoela baliatuta, hainbat pertsona sartu ziren, legez kontra.

Jose Antonio Pardal Sanchezen ilobak EITB Mediari azaldu dionez, ekainaren 26an egon zen etxean azkenekoz, osaba bertara eraman ahal izateko konponketa batzuk egiten. Biharamunean okupatu zuen etxea Sestaotik joandako familia batek (bi seme-alaba omen dituzte). Horien arabera, alokairu-kontratua dute. Sanchezen senitartekoek ezin dute oraingoz etxea eurena dela (biziarteko alokairua du gizonak) frogatu, agiri guztiak etxebizitza barruan baitaude. 

Legeak ezarritako epeen barruan salatu zuten okupazioa, baina badakite halakoetan bide judiziala luzatu egiten dela. Hori horrela, herritarren presioa eta protesta erabili nahi dituzte arazoa lehenbailehen konpontzeko.

Astearte honetan Trapagarango alkatearekin bilduko dira, eta bizilagunei ere babesa eskatuko diete. Inguruan bizi direnek salatu dutenez, gainera, etxea okupatu duen familiak eta euren gertukoek (15-20 bat pertsona batu omen dira) zarata handia egiten dute goizaldeko ordu txikitan.

Trapagaraneko etxea okupatu duen familiak adierazi du ez duela irteteko asmorik
Trapagaraneko etxea okupatu duen familiak adierazi du ez duela irteteko asmorik
Trapagaraneko etxea okupatu duen familiak adierazi du ez duela irteteko asmorik

1:17
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Trapagaran Albisteak Abokatuak Okupak