Gizartea -
Koronabirusa
Datorren astean hasiko da gazteen txertaketa Euskadin
Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko iturriek baieztatu dutenez, 16 eta 29 urte bitarteko pertsona batzuei aste honetarako ere hitzordua eman diete, “agenda betetzeko”.
I. R. | EITB Media
Euskadiko gazteen txertaketa datorren uztailaren 19an hasiko da, ofizialki. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko iturriek EITB Mediari baieztatu diotenez, aste honetan 16 eta 29 urte bitarteko neska-mutil gutxi batzuk ere txertatuko dituzte, "agenda betetzeko".
Joan den uztailaren 9an hasi ziren gazteak txertoa hartzeko hitzordua eskatzen. Lehenengo 24 orduetan, 80.000 lagunek izena eman zuten, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du "arrakastatsua" izan dela talde gaztearen hitzorduen irekiera.
Gainera, Osasun sailburuak gogoratu duenez, oraindik hitzordua hartu ez dutenek horretarako aukera izango dute uztailean eta abuztuan, Osakidetzaren webgunearen bitartez.