Gizartea -
KORONABIRUSA
Kutsatuen kopuruak goraka jarraitzen du Euskadin, azken orduotan 737 zenbatuta
Covid-19a atzemateko 9.384 proba egin ziren atzo, eta positibotasun tasa % 7,9koa izan zen, apirilaren 26tik jaso den tasarik altuena.
EITB MEDIA
Covid-19 kasu berrien kopuruak goraka jarraitzen du EAEn. Azken orduotan 737 kasu berri zenbatu dira, bezperan baino 34 gehiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera, covid-19a atzemateko 9.384 PCR proba eta test antigeno egin ziren atzo, aurreko egunean baino 194 gehiago. Positibotasun tasa % 7,9koa da, apirilaren 26tik jaso den tasarik altuena.
Lurraldeka, 352 kasu Bizkaian zenbatu dira, 263 Gipuzkoan eta 91 Araban. EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandako kasuak, berriz, 31 dira.
Kutsatu kopurua hazi egin bada ere, oraingoz, ospitaleratzeetan ez du eraginik izan: 23 pertsona ingresatu zituzten atzo covid-19agatik, EAEko erietxetan (ostegunean, 27). ZIUetan, berriz, 28 pertsona daude koronabirusak jota, bezperako kopuru bera.
Nafarroa
Nafarroan ere, azken orduotan igo egin dira, berriro, covid-19 kasuak: 304 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 29 gehiago. Halere, positibotasun tasa puntu bat jaitsi da, % 13,3tik % 12ra.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo ez zen koronabirusak eragindako heriotzarik izan Foru Erkidegoan. Denera, lau pertsona ospitaleratu zituzten, covid-19arekin, horietako bat, ZIUn. Datu horiekin, denera 29 pertsona daude Nafarroako erietxetan covid-19agatik, 11 ZIUn.