Gizartea -
Osakidetzako lan eskaintza
Pilar Uriarteren aurka auzi berria martxan jartzea eskatu du LABek, ikerketa "oztopatzeagatik"
"Osakidetzako eta HAEEko zuzendaritzek epaitegiari nahita informazio garrantzitsua ezkutatu ahal izan diezaiokete, pertsona zehatzak babesteko asmoz", azpimarratu du sindikatuak.
Agentziak | EiTB Media
Pilar Uriarte Osakidetzako Giza Baliabide zuzendariaren kontra auzi berri bat martxan jartzea eskatu du LAB sindikatuak, lan eskaintza publikoan ustez izandako filtrazioen ikerketa judiziala "oztopatzeagatik".
2016-2017 lan eskaintza publikoan ustez izandako filtrazioak ikertzeko prozedura judizialean, azken agerraldiak aztertzeko prentsaurrekoa eman dute Jesus Oñate LABeko ordezkariak eta Iñigo Sancho abokatuak. "Osakidetzako eta HAEEko zuzendaritzek epaitegiari nahita informazio garrantzitsua ezkutatu ahal izan diezaiokete, pertsona zehatzak babesteko asmoz", nabarmendu dute.
Zentzu horretan, kirurgia plastikoko epaimahaikide batek bere errainari azterketa filtratu ziola aipatu dute. Hautaprobara aurkeztu zen, baina "uztera behartu" zuten, irregulartasuna ezkutatzeko.
Horregatik, Osakidetzako zuzendaritzaren eta HAEEren goi-kargudunak inputatzea eskatu du LABek, Justizia oztopatzeagatik eta sekretuen zabaltze delitua ikertzea eragozteagatik.
"Giza Baliabide zuzendariak eta HAEEko idazkari nagusiak kirurgia plastikoko oposiziogilearen notak argitara ez emateko operazio bat martxan jarri zutela begi-bistakoa da"; izan ere, "filtrazio baten existentziaren froga argia ziren", azaldu dute.
LABen hitzetan, "Maria Jesus Mugica zuzendari nagusi ohiak, Juan Carlos Soto Giza Baliabide zuzendariak, Fulgencio Aledo idazkari nagusiak eta Maite Iruretagoiena HAEEko zuzendari nagusiak filtrazioaren ustezko onuradunarekin eta filtratzailearekin bilerak antolatu zituzten, oso larriak eta guztiz harrigarriak".
Lan eskaintzaren lehen probaren eta bigarrenaren artean, bilera horietan "erakundeetako arduradunek oposiziogilea areto batera eraman eta inpunitatea eskaini zioten, hautaprobari uko egitearen truke", eta ondoren, eskaintza bera egin zioten ustezko filtratzaileari. Azkenik, "tratua itxi zuten".
Goi-kargudunek "nahita gutxienez bi bilera eta posta elektroniko batzuk ezkutatu dituzte, baita aztertzailearen eta oposiziogilearen arteko ahaidetasuna ere", erantsi du LABek.
Auziko instrukzioaren hiru urteetan jokabideak ezkutatu dituztenez, "HAEEk eta Osakidetzak milaka pertsonaren lan etorkizunarekin jolastu duten arduradunak babestu dituztela agerikoa da".
Gainera, Jon Darpon Osasun sailburu ohia "gezurretan" aritu zen, oposiziogileak arrazoi pertsonalengatik uko egin ziola azaldu zuenean, Sailak "presionatuta egin zuelako".
Fulgencio Aledo HAEEko idazkariaren adierazpenekin "harrituta" agertu da LABeko abokatua, "lekuko gisa deklaratu zuelako" eta oposiziogilearekin izandako bileren inguruan mintzatu zelako, "nolabaiteko naturaltasunez" gainera.