Gizartea -
KORONABIRUSA
EAEko gazteen artean etengabe ari da hazten intzidentzia
Kutsatzeek (703 positibo berri) eta pilatutako tasa orokorrak gora egin dute, eta ospitaleetako egoera ere kaskartu da. 65 pertsona erietxeratu dituzte (bezperan baino 15 gehiago) eta 28 gaixo daude ZIUetan (hiru gehiago).
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Koronabirusaren intzidentziaren kurba arindu ezinda dago azkenaldian Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazteriaren artean. Azken 14 egunetan pilatutako tasa 553 kasukoa da 100.000 biztanleko 19-39 urte dituztenen artean, eta halako lau da, zehazki, 2.238 kasukoa, 17-18 urteko gazteen artean. Intzidentzia tasa metatu orokorra ere hazten ari da, baina datu apalagoak emanda (246 kasu), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratutako azken buletin epidemiologikoaren arabera.
Osakidetzaren arakatze sistemak 703 kasu atzeman ditu azken orduetan (positibotasun tasa % 7,6ra igoa da) eta horietatik 560 39 urte baino gutxiagoko lagunei dagozkie. Oso bestelakoa da egoera zaurgarriena zen baina orain immunizatuta dagoen taldean, 65 urte baino gehiagokoena, alegia: 24 positibo zenbatu dituzte. Horrek agerian utzi du txertaketak duen garrantzia. Horren jakitun, Osakidetzak gaur zabaldu die aukera 16-29 urteko gazteei covid-19aren aurkako prestakinerako hitzordua hartzeko. Dena dela, eskuragarri dauden dosiak tarteko, bi hilabeteotan burutuko dute.
Positiboek gora egin dute hiru lurraldeetan. Bizkaian atzeman dituzte gehien (314), ondoren Gipuzkoan (265) eta Araban (92). Turismoaren eraginez, azken boladan nabarmen igo dira EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean zenbatutako positiboak, eta 30en bueltan jarraitzen dute (32, zehazki).
Udalerrien artean, Hernanik du pilatutako intzidentzia handiena, azken orduetan 17 kutsatze berri atzeman baititu. Hori horrela, azken 14 egunetako tasa metatua 1.729koa da 100.000 biztanleko. Irunen (42 kasu) eta Tolosan (19) ere okerrera egin dute datuek. Ingurumaria horretan, Gipuzkoako pilatutako tasak 300eko langa gainditu berri du (314) eta laranjaz margotu da lurraldea, koronabirusaren semaforoaren arabera. Gipuzkoarekin alderatuta, hobea da egoera Bizkaian, baina han ere gora egin dute kutsatzeek eta intzidentzia beste koska bat igo da, 210eraino, bezperan baino 19 puntu gehiago. Antzerako igoera izan du Arabak ere, eta 173 kasukoa da 100.000 biztanleko.
Bestalde, egonkor zegoen ospitaleetako egoerak apur bat egin du okerrera. Atzo jende gehiago erietxeratu zuten (27 pertsona, bezperan baino bederatzi gehiago), eta ondorioz, gaixo gehiago dago (65, asteazkenean baino 15 gehiago). ZIU geletan dauden eriak bezperan baino hiru gehiago dira, guztira, 28.
Azkenik, aipatzekoa da oinarrizko birsorkuntza tasaren bilakaera bitxia. R0 bezala ezagutzen den zenbaki horrek positibo batek kutsatzen duen pertsona kopurua adierazten du, eta transmisioa altua denean goraka egin ohi du etengabe. Bada, oraingoan, eta laugarren egunez, beheranzko joerari eutsi dio, eta 1,42an kokatu da (1etik beherako kopuruak "onargarritzat" jotzen dituzte epidemiologoek).