Gizartea -

Koronabirusa

Ipar Euskal Herriko diskotekek berriz ireki ditzakete ateak, osasun neurriak zorroztuz

Hain zuzen ere, txertaketa amaitu dutela, gaixotasuna gainditu dutela edo berriki egindako PCR proban negatibo eman dutela frogatu dezaketen herritarrek izango dute lokal hauetan sartzeko baimena. Diskoteken % 75ek ez dute irailera arte irekiko.

DJ bat, diskoteka batean. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia.
DJ bat, diskoteka batean. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia.
DJ bat, diskoteka batean. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia.

Aitor Oviedo | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilabete luzez itxita egon ondoren, Ipar Euskal Herriko diskotekek ateak irekitzeko aukera izango dute ostiral honetatik aurrera, "osasun-protokolo zorrotz bat jarraituz" betiere. Hala, herritarrek, gaueko aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute berriro, baina osasun-ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute.

Hala iragarri zuen duela egun batzuk Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak, kazetariek intzidentzia-tasari buruz eta diskoteken irekiera atzeratzeko aukerari buruz galdetu ziotenean. Prentsaurrekoan, olatu berri bati eusteko baliabide nahikoak dituztela ziurtatu zuen.

Gauzak horrela, gaurtik aurrera (uztailak 9), covid-19aren aurkako txertaketa amaitu dutela, gaixotasuna gainditu dutela edo berriki egindako PCR proban negatibo eman dutela frogatu dezaketen herritar guztiek Iparraldeko diskoteketan sartzeko aukera izango dute.

Protokolo hori kontuan izanda, ez da derrigorrezkoa izango diskoteken barruan maskara erabiltzea, baina oraindik ere oso gomendagarria da.

Horrenbestez, osasun-protokolo zorrotz batek bermatuko du diskoteketara sartzeko aukera. Ildo horretatik, osasun ziurtagiria ondo erabiltzen dela egiaztatuko dute sarreran egingo dituzten kontroletan. Edukiera ere kontrolatuko dute (% 75 barnealdean eta % 100 kanpoaldean), eta arauak betetzen ez dituzten establezimenduak ixteko aginduko dute.

Testuinguru horretan, mota horretako lokal gehienak itxita egongo dira, Frantziako Gobernuak ezarri dituen baldintzak oso zorrotzak direlako eta ezin izango dutelako irabazirik sortu. Hala, sektoreko patronalaren arabera, diskoteken % 75ek ez dute irailera arte irekiko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Frantzia Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Osasun albisteak Aisia Enpresaburuak Uda Bidaiak Koronabirusa Gazteak Covid pasaportea Euskadin