Gizartea -
Koronabirusa
78.000 gaztek baino gehiagok dute jada txertatzeko hitzordua EAEn
Osakidetza ostiral honetan hasi da 16-29 urtekoei txertorako hitzordua ematen, baina webguneak arazo ugari izan ditu eta momentu batzuetan "ilara birtuala" ordubetekoa baino luzeagoa izan da.
EITB Media
Osakidetzak ostiral honetan zabaldu die 16 eta 29 urte artean dituztenei covid-19aren kontrako txertoa hartzeko aukera. Guztira, 270.000 pertsona dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
Hortaz, Osakidetzak aldatu egingo du txertaketa kanpainan erabilitako sistema. Orain arte, SMS bidez ohartarazten zuen hitzorduak aktibatzeko uneaz. Adin tarte horretakoek, ordea, ez dute mezurik jasoko eta zuzenean sartu beharko dira Osakidetzaren webgunean.
Eusko Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, txanda hartzeko beta izateak ez du esan nahi txertoa berehala emango dietenik, eskura dauden dosien menpe baitago hori. Hori horrela, Osasun Sailaren aurreikuspenen arabera, talde horren inokulazioa uztailean eta abuztuan zehar egingo dute.
Osasun Zerbitzuak "pazientzia" eskatu die gazteei eta gogorarazi hilabete honetan eta hurrengoan egongo dela eskuragarri.
Webgunera erabiltzaile asko sartzen ari direnez, Euskal Osasun Zerbitzuak itxarote-ilara birtualak ezarri ditu, hitzordua hartzeko. Eguneko momentu batzuetan, ilara horiek ordubetekoak baino luzeagoak izan dira, 100.000 pertsona zain zeudelako.
Arazoak arazo, ostiral honetan 78.000 gaztek baino gehiagok lortu dute hitzordua, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Ser irrati katean jakinarazi duenez.
Gazteen immunizazioa burutzea pandemia geldiarazteko eta talde immunizazioa lortzeko gakoetako bat da. Birusa gogor erasaten ari da gazteria, eta transmisio datuak puztuta daude azkenaldian. 17-18 urtekoen intzidentzia tasa metatua tasa orokorra halako 10 da: 2.179 kasu 100.000 biztanleko eta 224 kasu, hurrenez hurren.