Gizartea -
KORONABIRUSA
EAEn sei pertsona hil dira covid-19ak jota azken astean
Erietxeetako egoerak hobera egin du, eta 25 gaixo larri daude ZIUetan, bezperan baino bost gutxiago. Ifrentzuan, intzidentzia tasa metatuak 200 kasuko langa gainditu du.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Covid-19a tarteko, sei pertsona hil dira azken astean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Aurrekoan, lau izan ziren. Eguneko datuei dagokienez, erietxeetako egoerak hobera egin du, eta gaur-gaurkoz, 25 gaixo daude ZIUetan, bezperan baino bost gutxiago. Gela arruntetan ere samurragoa da egoera: 51 pertsona daude ospitaleratuta (astelehenean, 58 ziren). Bada datu txarrik: azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatuak 200 kasuko langa gainditu berri du 100.000 biztanleko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneko buletin epidemiologikoa kaleratu du, eta asteazkena izanik, baita astekoa ere. Azken horretan, koronabirusak eragindako heriotza kopuru baieztatua eskaintzen du Jaurlaritzak. Pandemia hasi zenetik, 4.419 dira hildakoak.
Astearteari dagozkion datuek azken egunotan izandako joerari eusten diote, alegia, erietxeetako egoera hobetzen doa, kutsatzeak eta intzidentzia metatua igotzen diren arren. Adierazleok kontuan hartuta erabaki du LABIk, hain justu, aurretik indarrean zeuden neurriak mantentzea.
Asteartean 609 positibo berri atzeman dituzte (262, Bizkaian; 257, Gipuzkoan; 24, Araban, eta beste erkidegoetako 24), bezperan baino 123 gehiago. Kutsatzeen gorakadak azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatuari eragin dio zuzenean: 100.000 biztanleko 203 dira jada (19 puntu gehiago).
Transmisioa hazteak, baina, ez du oraingoz ondoriorik izan erietxeetan. Izan ere, arindu ere egin da presio hori azken egunetan. Atzokoan 19 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten (aurreko egunean baino hiru gutxiago). Guztira, 51 eri daude gela arruntetan. ZIUetan ere samurragoa da egoera, eta astelehenean baino bost gaixo gutxiago dituzte (25). EAEko ospitale guztiak Osakidetzaren kontingentzia planaren 1. agertokian daude.
Gipuzkoa astintzen jarraitzen du gogorren birusak. Lurraldeak 261 kasuko intzidentzia metatua du 100.000 biztanleko. Bizkaian tasa 174koa da, eta 142ko, Araban. Eremu gipuzkoarrean, kezkagarriak dira Hernanin (20) eta Urnietan (12, bezperan ia halako bi) egun bakarrean hautemandako kutsatzeak. Koronabirusaren semaforoaren arabera, Legazpin eta Oñatin dituzte 60 kasu azpiko intzidentziak.
Kutsatzeen % 81,5 40 urtez azpiko pertsonen artean izaten dira, eta 17-18 urteko 100 gaztek positibo eman dute azken orduetan. Horrenbestez, adin tarte horretako pilatutako intzidentzia 2.014 kasukoa da 100.000 biztanleko.