Gizartea -

Esklerosi anizkoitza

Esklerosi anizkoitza "mila aurpegi dituen gaixotasuna da"

Euskal Herriko txoko askotan gaur egingo den "Busti zaitez" kanpainak gaixotasun sendaezin hau paraitzen duten pertsonei eta haien familiei babesa ematea du helburu, baita ikerketan aurrera egiteko dirua biltzea ere.

2019ko "Busti Zaitez" kanpainaren irudi bat
2019ko "Busti Zaitez" kanpainaren irudi bat
''Busti zaitez'' lelopean, esklerosi anizkoitza duten pertsonen aldeko ekimen solidarioa egin dute

1:19

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko hainbat hondartza eta igerilekutan ospatuko dute gaur Busti zaitez esklerosi anizkoitza (EA) duten pertsonen aldeko ekimena. Iazko etenaldiaren ondotik, antolatzaileek jarduera presentziala berreskuratu dute, EA pairatzen duten pertsonei eta haien familiei babesa emateko. Gaixotasun sendaezin honek sortarazten dituen arazoak gizarteari jakinaraztea eta sentsibilizatzea eta ikertzen jarraitzeko dirua biltzea du helburu kanpainak.

Zuriñe Lopez, ADEMGIko komunikazio-arduraduna eta Gipuzkoako Busti Zaitez kanpainaren koordinatzailearen arabera, gaur egun duela 20 urte baino ezagutza handiagoa dago, eta medikuntza eta farmakologia mailan asko aurreratu da. "Erresonantzia magnetikoari esker, goiz atzematen da gaixotasuna. Botikei dagokionez ere, aurrerapauso handiak eman dira, eta horrek gaitzak hain azkar aurrera egin ez dezan laguntzen du", dio koordinatzaileak.

Dena dela, "mila aurpegi dituen gaixotasuna" dela aitortu du ADEMGIko kideak; izan ere, sintoma ikusezin asko eragin ditzake eta ia-ia bakoitzari modu diferentean eragiten dio. Sintomak askotarikoak diren arren, ohikoenak ondorengoak dira: nekea, zentzumen, oreka eta ikusmen arazoak, solas egiteko zailtasunak, nahi gabe egindako mugimenduak, espastizitatea edo muskulu-zurruntasuna, beso eta hanketan indar falta eta, batzuetan, paralisia.

Koronabirusa dela eta, aurtengo Busti zaitez kanpaina bestelakoa izango da, ez baitira ohiko bainuak egingo, ez, behintzat, aurrekoetan egin izan den moduan. Hala ere, Gipuzkoako Busti Zaitez kanpainaren koordinatzaileak "bustitzeko" arrazoi asko daudela nabarmendu eta ikertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du: "Herritarrek modu askotan egin dezakete bat gurekin. Boluntario gisa lagunduz, kanpainaren materiala erosiz edo dohaintzak eginez". Hondartza eta igerilekutan ez ezik, Euskal Herriko hainbat udalerritan ere jarriko dituzte informazio-standak.

Euskadin 2.700 pertsonek pairatzen dute esklerosis anizkoitza, eta "3 ordutik behin kasu berri bat diagnostikatzen da Espainiako Estatuan", azaldu du komunikazio-arduradunak. Hilkorra ez bada ere, bizi-kalitatea mugatzen duen gaixotasun kronikoa da. Hori dela eta, eragin handia du gizartearengan, eta horregatik garrantzitsua da gaitza ezagutaraztea.

Esklerosi anizkoitza nerbio sistema zentralaren gaixotasuna da. Garuna edo bizkar-muina puztu edo handitzen dira, eta ondorioz mielina desagertzen joaten da. Honek guztiak nerbio sisteman orbanak sortzen ditu. Gazteen artean bigarren ezintasun kausa da trafiko istripuen atzetik, eta 18 eta 35 urte bitartean diagnostikatu ohi da. Gizonezkoei baino gehiago, emakumeei eragiten die.

"Kanpaina honen bidez gizartea sentsibilizatu eta gaitz honen inguruan informazioa herritarrengana zabaldu nahi dugu, baita dirua lortu Elkarteari ADEMGIn eskaintzen diren errehabilitazio-zerbitzuak (fisioterapia eta logopedia) finantzatzeko behar diren baliabide ekonomiko eta materialak emateko". Horregatik, esklerosi anizkoitza dutenen alde "bustitzera" animatu ditu Lopezek euskal herritarrak.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostiako informazioa Iruñeko albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba EAE albisteak Gaixotasunak argazkiak Euskal Kostaldea Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak Ondarreta Donostia Kontxako hondartza albisteak