Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEk 486 positibo atzeman ditu, maiatzeko datuetara hurbilduta

Azken 14 egunetako intzidentzia metatuak beste koska bat egin du gora eta 200 kasutik gertuago dago orain (zehazki, 183 kasu 100.000 biztanleko). Gipuzkoan ilunagoa da panorama: 235ekoa da tasa.

Erizain proba diagnostiko bat egiten. Argazkia: EFE
Erizain proba diagnostiko bat egiten.
Erizain proba diagnostiko bat egiten. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

486 positibo berri hauteman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) astelehen honetan, maiatzetik zenbatzen ez ziren datuetara itzulita. Azken 14 egunetako intzidentzia ere goraldi betean dago, eta 200era hurbiltzen ari da: EAEko tasa 183 kasukoa da 100.000 biztanleko, bezperan baino 15 puntu gehiago. Gipuzkoan are gorago dago intzidentzia metatu hori, 235 kasutan (igandean baino 26 puntu gehiago).

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenari dagokion buletin epidemiologikoa kaleratu du. Laneguna izanik, proba diagnostiko gehiago egin dituzte (10.042, bezperakoak ia halako bi) eta horien % 4,8 positibo izan dira. Lurraldeka, Gipuzkoan zenbatu dituzte kutsatze gehien (ia erdia —220—), Bizkaiari —194— aurrea hartuta (normalean lurralde horretan gehiago hautematen dituzte, populazio gehiago daukalako). Araban 57 kasu izan dira, eta beste 15 EAEtik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.

Intzidentzia tasa metatu altuena duen lurraldea ere bada Gipuzkoa: 100.000 biztanleko 235 kasu. Datu hori EAEko batez bestekoaren (183 kasu) gainetik dago. Bizkaia ere maila horretatik gora kokatu da, 200etik gertu (194). Araban, bestalde, 132 kasu pilatu dira azken 14 egunetan.

Hori horrela, Gipuzkoako udalerri handien artean lauk bakarrik dute 60 kasu baino gutxiagoko intzidentzia metatua, koronabirusaren semaforoaren arabera.

Oinarrizko birsorkuntza tasak (R0a delakoa, positibo baten zenbat pertsona kutsatzen dituen zehazten duena) bilakaera hobea du, eta behintzat ez da hazi (1,51ean dago).

Astelehena izanda, jende gehiago ospitaleratu dute: 22 izan dira azken orduetan (igandean, aldiz, bederatzi). Hala, guztira, 58 pertsona daude erietxeetako gela arruntetan, bezperan baino zortzi gehiago. ZIUetan apur bat samurtu da egoera: 30 gaixo daude kritiko, igandean baino sei gutxiago.

Transmisio altua gazteen artean

Ikasketa bidaiekin (Mallorcara, Saloura, Bordelera eta  Conilera egindakoak) eta jai giroarekin (Hernanin, esaterako) lotutako agerraldiek 39 urtez azpikoen intzidentzia igoarazten jarraitzen dute. Are, tasa 1.800 kasutik gora dago 17-18 urtekoen artean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak