Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Astigarraga eta Urnieta ere zerrenda gorrira batu dira
Gainera, Arrasate, Beasain, Bergara eta Orio (Gipuzkoan) eta Lekeitio (Bizkaian) eremu berdetik horira igaro dira.
EITB MEDIA
Astigarraga eta Urnieta eremu gorrian sartu dira azken orduetan, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Gainera, Lekeitio, Arrasate, Beasain, Bergara eta Orio gune horira igaro berri dira egoerak okerrera egin ostean, eta Laudiok ere ezin izan dio horiari eutsi, eta laranja da gaurtik aurrera.
Arabak (123 kasu 100.000 biztanleko) eremu horian jarraitzen du, baita Amurriok eta Gasteizek ere. Agurainek, bestalde, berdeari eutsi dio, baina Laudion egoerak okerrera egin du eta laranja jarri da semaforoa udalerri horretan. Araban ez dago herririk gorrian.
Bizkaian, hori dago semaforoa (148 kasu 100.000 biztanleko), eta ez du udalerririk gorrian, ezta laranjan ere.
Hori dauden udalerriak honakoak dira: Abanto, Abadiño, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Durango, Elorrio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapaga, Zalla eta Zornotza. Lekeitio sartu da zerrendara azken orduetan, egoerak txarrera egin eta gero.
Bermeo, Elorrio, Ermua, Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Ondarroa gune berdean daude.
Gipuzkoa ere eremu horian dago, intzidentziak gora egin duen arren (209 kasu 100.000 biztanleko). Zumaian eta Hernanin egoerak ez du hobera egin, eta bi udalerriek gorri jarraitzen dute. Baina ez dira bakarrak; izan ere, azken orduetan Astigarraga eta Urnieta batu zaizkie.
Ez dago udalerririk eremu laranjan.
Horian daude honakoak: Andoain, Aretxabaleta, Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Lezo, Oiartzun, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Usurbil, Villabona-Amasa eta Zarautz. Gainera, Arrasate, Beasain, Bergara eta Orio sartu berri dira udalerri horien zerrendara, datuek txarrera egin ostean.
Azkenik, udalerri hauek daude eremu berdean: Azkoitia, Hondarribia, Legazpi, Mutriku, Urretxu eta Zumarraga. Azken orduetan Oñatin egoerak hobera egin eta zerrenda honetara gehitu da.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.