Gizartea -

KORONABIRUSA

Daniel Lopez Acuña: "Mugikortasuna mugatzeaz hausnartu beharko litzateke"

Gazteen artean kutsatzeek izan duten gorakada ikusita Daniel Lopez Acuña epidemiologoa "gaueko aisialdia ixtearen" aldekoa da, gainera, aldaera gehiago etor daitezkeela adierazi du.

Daniel Lopez Acuña. Irudia: Espainiako Kongresua.
Daniel Lopez Acuña.
Daniel Lopez Acuña. Irudia: Espainiako Kongresua.

O.V. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutsatze berrien igoera nabarmenak arreta guztiak piztu ditu Nafarroan. Atzo atzemandako 507 positiboak joan den astelehenenekoak halako 17 dira, joan den astean baino 10 aldiz gehiago, duela bi egunekoak halako bost eta bezperan baino 150 kasu gehiago; bien bitartean, Saloutik bueltan diren gazteen baheketak aurrera darrai.

EAEn 351 dira hautemandako kasu berriak, % 6,6ko positibitate tasarekin; hala, lau egunez jarraian gainditu da % 5eko marra. Azken egunetako datuen arabera, kutsatu berrien % 86 39 urtez azpiko pertsonak dira. Igoera nabarmenena 17-18 urte bitarteko gazteetan gertatu da, horietan, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua 1.000 kasutik gorakoa da une honetan.

Hala ere, kasuak igotzeak ez du ospitaleetako egoera larriagotu. Egoera egonkor dago, 10 ospitaleratu berri izan dira eta 35 pertsona daude ZIUetan.

Munduko Osasun Erakundeko zuzendaritzako kide ohi Daniel Lopez Acuñak Radio Euskadin azaldu duenez, "bosgarren olatu batean gaude, 40 urtez azpiko jendearengan gertatzen ari dena". Bi dira horretarako arrazoiak bere ustez: batetik 40 urtetik beherako oso pertsona kopuru txikiak jaso duela txertoa, eta, bestetik, "neurriak lasaitu direla".

Lopez Acuñak ohartarazi du, intzidentzia zenbat eta handiagoa izan, are aukera gehiago dagoela "txertoei iskin egingo dien aldaera berriak sortzeko". Gainera, argi dio gazteak ez daudela covid-19aren larritasunetik salbuetsita eta "hiltzeko arriskua" erreala dela kolektibo horretan ere.

Bere ustez, lehentasun izan behar dira "txertaketarekin jarraitzea, adinka, nagusienetatik gazteagoetara", eta 60-69 urtekoen jarraibidea lehenbailehen osatzea. Bere ustez "ez dauka zentzu askorik" txertaketa ordena aldatu eta gazteei lehentasuna emateak.

Epidemiologoaren ustez, hoberena "gaueko aisialdia ixtea" da, intzidentzia altua duten zenbait erkidegotan egiten ari diren gisan, eta hausnartu beharko litzateke ere, bere ustez, "mugikortasuna mugatu beharko ote litzatekeen", nahiz eta ez izan modu orokor batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Munduko Osasun Erakundea Gazteak