Gizartea -

KORONABIRUSA

507 positibo atzeman dituzte Nafarroan azken orduetan

Kasu berrien % 88k 15 eta 29 urte artean dituzte eta % 70ek jatorri indiarreko delta aldaera dute. Ospitaleetan ez da igoerarik nabari, oraingoz, baina zuhurtzia eskatu dute.

Osasun langileak Foremen, Salouko baheketa berezian. Argazkia: EITB Media
Osasun langileak Foremen, Salouko baheketa berezian. Argazkia: EITB Media
Kutsatzeek gora egiten jarraitzen dute Nafarroan eta 507ra iritsi dira

0:00

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foru Erkidegoan gorakada izugarria izan dute covid-19 kasuek azken orduetan eta atzo, igandea, 507 kasu berri atzeman ziren, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Kopuruak aise gainditzen ditu duela 7 eta 14 egunetakoak, haietan 29 eta 21 kasu hauteman baitziren, hurrenez hurren. 

Kasuetako asko Iruñea eta Tuterako baheketetan atzeman dira. Atzo 1.846 proba egin ziren (gehienak aipatutako baheketetan), eta positibitate tasa % 27,5ean kokatu zen.

Kutsatze gehien gertatu diren zonaldeak Iruñeko II. zabalgunea (39), Barañain (37), Zizur Nagusia (33), Arratxopea (32) eta Mendillorri (26) izan dira.

Ostegunean nabaritu zen kasuen gorakada, azken asteetako beheranzko joera apurtuz, hala; asteazkeneko 68 kasuetatik 113ra pasa zen egun bakarrean. Ordutik hona modu esanguratsuan ari dira igotzen eguneroko kasu kopurua: 152 ostiralean, 355 larunbatean eta 507 igandean. 

Nafarroan larunbatean jakinarazi ziren 355 positiboen % 88k 15 eta 29 urte arte dituzte. Horietako asko Saloutik bueltan baheketa berezietan parte hartzen ari diren pertsonak dira. Osasun Sailak gazteei baheketa egiteko deia egin die berriz ere, eta isolamendu-, babes- eta prebentzio-neurriak mantentzeko eskatu die, kutsatzeak eta indiar aldaera presentziak gora egin dutelako (kutsatze berrien % 70 dira dagoeneko), nahiz eta ospitaleko egoerak egonkor jarraitzen duen.

Nafarroako Gobernuaren prentsaurrekoa espero da gaur eguerdirako eta, bertan, neurri berriak iragar ditzake. Nafarroako Gobernuko bozeramale Javier Remirezek atzo Ser katean egindako elkarrizketa batean adierazi zuenez, "aukera guztiak zabalik daude".

Baheketa masiboa Saloun izan diren 17 eta 25 urte bitarteko nafar gazteei

Gaur izango dira Iruñean naiz Tuteran egiten ari diren baheketetako azken eguna. Nafarroako Gobernuak bi gune espezifiko ezarri zituen ostiralean Iruñean-autobus geltokian eta Foremen- eta bat Tuteran,- Sofia Erregina Ospitalean- Saloura bidaiatu duten taldeei baheketa berezia egiteko, handik itzuli diren 16 gazte talderen artean 26 positibo atzeman ostean.

Iruñeako Forem zabalik egongo da gaur 15:00etatk 20:00etara eta Tuterako Sofia Erregina Ospitalean 16:00ak eta 21:00ak bitartean jarraituko dute baheketarekin. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, parte-hartzea handia izaten ari da eta, baheketa, eraginkorra.

Ospitaleetako egoera egonkor

Kutsatzeek gora egin duten arren, ospitaletako egoerak berdintsu jarraitzen du, larunbatean bi pertsona ospitaleratu behar izan zituzten eta 22 pertsona daude une honetan ospitaleratuta, horietako 7 ZIUn, atzo baino bat gehiago.

Bestalde, txertaketak aurrera jarraituko du, eta aste honetatik aurrera 18 eta 29 urte bitarteko gazteek ere hitzordua hartzeko aukera izango dutela aurreikusi dute. Era berean, 60 eta 67 urte eta AstraZenecaren bigarren dosiaren zain daudenek ere aurreratu egin ahal izango dute hitzordua.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Albisteak Nafarroa Gaixotasunak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa olatu berria Nafarroako Osasun Zerbitzua