Gizartea -

KORONABIRUSA

351ra jaitsi dira positiboak EAEn, baina % 6,6ra igo da positibitate tasa

Gazteen artean izan dira positibo gehien. Ospitaleetako egoera nahiko egonkorra da: atzo 10 lagun ospitaleratu zituzten eta 35 pertsona daude ZIUn.

Gazte bat eta familia bat PCR probak egitera joanda, Hernanin. Argazkia: EITB Media
Gazte bat eta familia bat PCR probak egitera joanda, Hernanin. Argazkia: EITB Media
Lau agerraldi daude Euskadin gazteekin loturiko bidaia edo jaien ondorioz

0:00

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiaren egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Positibo berrien kopurua (351) bezperan baino txikiagoa da (498), baina 3.000 proba gutxiago ere egin ziren atzo, eta, beraz, positibotasun tasa % 5,9tik % 6,6ra igo da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 5.331 proba diagnostiko egin zituen larunbat honetan eta horietatik 38k positibo eman zuten Araban, 152k Bizkaian eta 148k Gipuzkoan. Gainera, beste autonomia erkidego batzuetan bizi diren 13 pertsonak ere positibo eman zuten.

Gutxienez lau agerraldi daude indarrean une honetan: Mallorcara egindako ikasturte amaierako bidaiei lotutakoa (267 positibo EAEn ostiralera arteko datuak kontuan hartuta), Saloura joandako 27 ikasle Soraluzen (larunbateko datua), Bordelera joandako 18 ikasle Donostian (igandeko datua) eta San Juan jaien ondoren, 178 positibo Hernanin, azken zazpi egunetan (ostiraleko datua).

Ospitaleetako egoerak egonkor jarraitzen du

Pandemia hartzen ari den joera arriskutsuak ez du oraingoz, behintzat, islarik izan ospitaleetan. Atzo covid-19a zuten 10 pertsona ospitaleratu zituzten (aurreko egunean baino hiru gehiago) eta une honetan 35 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU), atzo baino bi gehiago.

Udalerriei buruzko informazioa, RO indizea eta metatutako intzidentziari buruzko informazioa ez du Eusko Jaurlaritzak astelehenera arte eguneratuko.

355 positibo atzeman dituzte Nafarroan, azarotik ikusten ez zen kopurua

Nafarroako Foru Erkidegoan gorakada izugarria izan dute covid-19 kasuek azken orduetan. Ostegunean 113 kasu berri atzeman zituzten, ostiralean 152 eta gaur 355, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Positibo asko eta asko Saloutik itzulitako gazteen artean diagnostikatu dira. Iazko azaro hasieratik ez zen horrelako positibo kopururik atzematen Nafarroan.

Larunbat honetan 1.675 proba egin dituzte Foru Erkidegoan, PCR eta antigeno testen artean, eta % 21,2k positibo eman dute, aurreko eguneko tasa bikoiztuz ( % 10,5).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak