Gizartea -

Hizkuntza eskubideak

Nafarroan "euskaraz bizitzeko eskubidea" aldarrikatu dute herritarrek Iruñean

Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen dekretu berriarekin kezkatuta agertu da Euskalgintzaren Kontseilua, lan-postu publikoetan jarduteko probetan euskararen puntuazioari eragiten diolako.

"Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea" aldarrikatu dute ostiral honetan Iruñean
"Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea" aldarrikatu dute ostiral honetan Iruñean
Hizkuntza eskubideak bermatzearen aldeko manifestazioa, Iruñean

1:25

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, "Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea" aldarrikatu dute ostiral honetan Iruñean. Etorkizuneko politiketan eskubide murrizketarik egon ez dadila eskatu dute herritarrek.

"Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez!" lelopean, ehunka pertsona bildu dira Iruñeako kaleetan. Besteak beste, EH Bilduko eta Geroa Baiko parlamentariak eta zinegotziak.

Ibilbidean, "Euskaraz bizi nahi dugu" eta "Euskara, hizkuntza ofiziala" bezalako oihuak entzun dira. Baluarte plazatik abiatu eta Sarasate pasealekuan amaitu da manifestazioa, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Ibilbidea hasi aurretik, Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen dekretu berriaren inguruan izan diren "filtrazioekin kezkatuta" agertu da Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. Izan ere, dekretu horrek lan-postu publikoetan jarduteko probetan euskararen puntuazioari eragiten dio, "euskararen ezagutza baztertzea helburu zuten aurreko gobernuen inertziak gogorara ekarriz".

Hori dela eta, "kohesioa, berdintasuna eta justizia helburu, euskaraz bizi nahi duten herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko adostasun batzuetara iristeko beharra" aldarrikatu du. Hala, Foru Gobernuari eta alderdi politikoei horren inguruko erabakiak adosteko eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Iruñea UPN PSN Geroa Bai Nafarroa Alderdi politikoak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Kontseilua