Gizartea -
Gautxori zerbitzua
Gautxori gaueko autobusen zerbitzua, abian berriro
Tuvisa enpresak 02:15ak arte jardungo duten gaueko autobusak berreskuratuko ditu, covid-19ari aurre egiteko aldaketetara egokituta.
EITB MEDIA
Gautxori zerbitzua berreskuratuko du Tuvisak Gasteizen ostiral honetan, uztailaren 2an. Goizaldeko 02:15ak arte jardungo dute gaueko autobusek, beti ere Eusko Jaurlaritzak covid-19aren pandemiari aurre egiteko dekretatutako azken araudi aldaketetara egokituta.
Ordutegi ezberdinak izango du zerbitzu bakoitzak. Hala, katedraletik ateratzen diren zerbitzuak (G1-Lakua-Abetxuko, G3-Armentia-Zabalgana eta G4- Sansomendi-Lakua) 45 minutuko maiztasunarekin aterako dira. Jesus Guriditik aterako diren zerbitzuak (G2-Adurtza-Salburua eta G6- Salburua-Aranbizkarra), bestalde, 60 minutuko maiztasunarekin eskainiko dira.
Tuvisak eta langile batzordeak lortutako adostasun bati esker berreskuratu da Gautxori zerbitzua. Akordio horri esker, hitzarmenean zehaztutako lanaldiak egokitzeko aukera izango dute langileek.
"Eskerrak eman nahi dizkiegu langileei akordio hau lortzeko erakutsi duen jarrera onagatik. Positiboa da Gasteizentzat eta gure hiriko garraio publikoa berreskuratzeko bidean jarraitzeko", azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Tuvisako presidenteak.
Neurri horrekin, garraio publikoaren zerbitzu hobea eskaini nahi die Tuvisak herritarrei, baliabideen kudeaketa ekonomiko arduratsua egiteaz batera. "Ahalegin handia egingo dugu Gautxori zerbitzua berreskuratzeko eta, hartara, herritarrei laguntzeko, oro har, baita Gasteizko gaueko jarduera ekonomikoari ere", esan du.
Bestalde, uztailaren 9an ez da Gautxori zerbitzurik izango, San Kristobal eguna dela eta.