Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentzia metatuak goraka jarraitzen du EAEn, gazteen arteko kutsatzeak tarteko
Azken 14 egunetako tasa 132koa da 100.000 biztanleko. 17-18 urteko pertsonen intzidentziak ere puztuta segitzen du: 1.132 kasu.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Koronabirusak bete-betean harrapatu du oraindik txertatu gabe dagoen gazteria, eta azken egunetan adin tarte horretan izandako kutsatzeek Euskadiko intzidentzia tasa metatua etengabe igoarazi dute: azken 14 egunetako tasa 132 kasukoa da 100.000 biztanleko, bezperan baino bederatzi puntu gehiago.
Izan ere, 65 urte baino gehiagoko taldean (txertaketa pauta osoa dute) ez beste guztietan gora egin du intzidentziak. Denetan kezkagarriena da 17-18 urteko pertsonena: 1.132 kasu 100.000 biztanleko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratuta buletin epidemiologikoaren arabera, ostegun honetan 406 kutsatze zenbatu dituzte, bezperan baino 18 gehiago, 6.628 proba diagnostiko egin ostean (bezperan baino 888 gutxiago). Positibotasun tasak puntu bat egin du gora: % 6,1eraino. Lurraldeka, Bizkaian hauteman dituzte gehien (178 positibo), Gipuzkoan, 170 eta Araban, 45. Horiei guztiei EAEtik kanpo bizi diren 13 pertsonen kasuak batu behar zaizkie.
Dena dela, azken 14 egunetako intzidentzia tasari erreparatuta, Gipuzkoa da kaltetuena: 100.000 biztanleko 142 kasu ditu (EAEko tasatik gora, beraz). Bizkaian eta Araban, 127 eta 107 kasu dituzte, hurrenez hurren. Izan ere, gorriz margotutako herriak (400 kasuko intzidentziatik gorakoak) dituen lurralde bakarra da: Zumaia eta Hernani daude gunerik latzenean, covid-19aren semaforoaren arabera. Azken udalerri gipuzkoar horretan birusa harrotuta dago erabat: atzo 65 kasu atzeman zituzten (aurreko egunetan 44 eta 52 izan ziren).
Logikoki, Gipuzkoa da oinarrizko birsorkuntza tasa handiena duen lurraldea. R0 bezala ezagutzen den zenbaki horrek positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua adierazten du. Bada Gipuzkoan 1,65ekoa da, Bizkaian 1,33koa eta Araban 1,12koa. EAEn 1,41ekoa da, bezperan baino ia hamar bat handiago.
Birusa bereziki erasaten ari da gazteria. Ostegunean hautemandako 406 positiboetatik 250 19-39 urtekoei dagozkie, eta 97, 19 urte beherakoei. Azken talde hori adin tarteka zehaztuta, 17-18 urteko 69 gaztek eman dute positibo.
Erietxeei dagokienez, 26 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, bezperan baino sei gehiago. Hala, guztira, 63 pertsona daude gela arruntetan, aurreko egunean baino bat gehiago.
Horrez gain, ZIU geletan 33 gaixo daude covid-19ak jota, bezperan baino bat gehiago.