Gizartea -

Eguraldia

Abisu horia ezarri dute Erriberan 36 ºC-ko maximoak espero direla eta

Beroagatik aktibatutako abisua 14:00etatik 20:00etara egongo da indarrean. Asteburua freskoagoa eta ezegonkorragoa izango da, batez ere isurialde atlantikoan.

Hainbat gazte euren burua freskatzen, Iruñean. Artxiboko argazkia: EFE
Hainbat gazte euren burua freskatzen, Iruñean.
Hainbat gazte euren burua freskatzen, Iruñean. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tenperaturek gora egingo dute uztaileko lehen asteburuaren hastapen honetan. Igoera hori nabarmenagoa izango da barnealdean eta Erriberan. Hori horrela, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak muturreko tenperaturengatik abisu horia ezarri du gaurko eremu horretan. 

Abisua 14:00etatik 20:00etara egongo da indarrean. Aemeten arabera, 36 ºC harrapatu daitezke Erriberako hainbat txokotan, bereziki Bardeetan.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak ez du abisurik ezarri, baina barnealdean sargori egingo duela ohartarazi du (30 ºC inguru aurreikusi ditu). Hala, Gasteizen beroenak balio horretan egongo direla iragarri du, eta Guardian, hortik gora (31 ºC). Kostaldean, berriz, 25 ºC-koak izango dira maximoak.

Iragarpenaren arabera, ostiralean ostarteak eta hodeigunean tartekatuko dira zeruan ipar partean. Hegoaldean, aldiz, giro eguzkitsua izango da nagusi. Arratsaldean hodeiak ugarituko dira, eta egunaren amaieran Ipar Euskal Herrian ekaitz kutsuko zaparradaren bat bota dezake. Haizea suabe ibiliko da, ekialdetik goizean eta iparraldetik arratsaldetik aurrera.

Larunbatean, tenperaturek behera egingo dute eta hodeiak ugarituko dira. Dena den, erdi mailako hodeiak eta goi hodeiak izango dira; horregatik, ez du ia euririk egingo, eta egitekotan ipar partean egingo luke. Horrenbestez, leku gehienetan ateri eutsiko dio. Goizaldean baliteke Ipar Euskal Herrian eta Pirinioetan trumoi ekaitzak jotzea. Hegoaldean eguraldia lasaiagoa izango da, eta tenperatura maximoak 25-30 ºC ingurukoak izango dira. Goizean mendebaldeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean iparraldetik finkatuko da.

Igandean ez da aldaketa handirik espero: giro goibelagoa ipar partean, eta hegoaldean, argiagoa. Isurialde atlantikoan baliteke han-hemenka euri zarrastaren bat botatzea, batez ere goizean eta ipar-ekialdean. Arratsaldeak aurrera egin ahala, hodeitza arinduz joango da. Ipar edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoek behera egingo dute. Isurialde atlantikoan 20 ºC-ren bueltan geldituko dira, eta barnealdean, oro har, 25 ºC-ren azpitik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Tutera Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bero-boladak