Gizartea -
KORONABIRUSA
189 dira dagoeneko Mallorcako agerraldiarekin lotutako positiboak Euskadin
Artean Mallorcatik itzultzeko daudenei, Euskadira iritsi bezain pronto proba egiteko txanda eska dezaten galdegin die Osakidetzak, baheketak martxan jarraitzen baitu.
o.p. | eitb media
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Mallorcako ikasle-bidaiarekin lotutako agerraldiari buruzko azken datuak eman ditu aditzera eguerdian, Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean. Osakidetzak agerraldiarekin lotuta dauden 189 kasu positibo hauteman ditu gaurdaino.
Larunbatean eta igandean 575 proba egin dira, eta horietetaik 102k emaitza positiboa eman dute. Osasun sailak dakiela, inork ez du sintoma larririk. Arakatzaile taldearen lana goraipatu du, haiei esker hauteman ahal izan baitira pertsona positiboak eta haien kontaktuak.
Une honetan EAEko 18 lagun daude Mallorcan, horietatik seik positibo eman dute, eta beste pertsona bat bakartuta dago, kontaktu estua izateagatik.
Sagarduik gogorarazi du baheketak martxan darraiela oraindik. Horregatik, artean Mallorcatik Euskal Herriratu ez diren 16 eta 19 urte arteko pertsonei, iritsi bezain pronto, diagnosi-proba bat egiteko txanda har dezaten eskatu die.
Sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza bere esku dagoen guztia egiten ari dela agerraldi hori ez dadin bihurtu "herritarren kutsatze orokortu" bat.
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, Mallorcako agerraldia "abisu gisa erabil daiteke". "Covida ez da gure bizitzetatik desagertu. Txertoak gaixotasunetik babesten du, baina ez du eragozten gu kutsatzea", ohartarazi du.