Gizartea -
Koronabirusa
Aire zabalean musukoa kentzea, beste urrats bat normaltasunera bidean
Ez da derrigorrezkoa izango larunbat honetatik aurrera aire zabalean eta segurtasun distantzia zainduta. Hala ere, salbuespenak egongo dira, jende pilaketak daudenean, adibidez.
agentziak | eitb media
Espainiako Aldizkari Ofizialak ostiral honetan argitaratu duen Osasun Ministerioaren aginduaren arabera, larunbat honetatik aurrera ez da derrigorrezkoa izango musukoaren erabilera aire zabalean.
Hala ere, salbuespenak daude. Izan ere, maskara jantzi beharko da jende pilaketak daudenean eta bizikideak ez diren pertsonen artean metro eta erdiko distantzia zaintzea ezinezkoa denean.
Garraio publikoan ere nahitaez erabili beharko da musukoa, nasak eta bidaiarien geltokiak barne. Ibilgailu pribatuetan ere erabili egin beharko da bidaiariak ez badira bizikideak.
Itsasontzietako bidaiarien kasuan, ez da derrigorrezkoa izango maskararen erabilera kamarotean edo kanpoaldean, metro eta erdiko distantzia gorde badaiteke, betiere.
Aire zabalean egiten diren ekitaldi jendetsuetan musukoak nola erabili behar diren ere zehazten du aginduak, eta derrigorrezkoa izango da zutik egiten direnetan, edo eserita 1,5 metroko distantzia gorde ezin denean.