Gizartea -
kORONABirusa
126 dira jada Mallorcako agerraldiarekin lotuta EAEn atzeman dituzten positiboak
Hori dela eta, Osakidetzak baheketa masibo bat egingo du ekainaren 12tik aurrera Mallorcan egon diren 16 eta 19 urteko EAEko pertsona guztien artean.
eitb media
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi du jada 126 direla Mallorcako covid-19 agerraldiarekin lotuta EAEn atzemandako positiboak. Gainera, Delta aldaera eta aldaera britainiarra agertu dira.
Agerraldi handi horren jatorria Palmako Zezen Plazan egindako reggaetoi kontzertu batean eta itsasontzietan eta hoteletan egindako jaietan omen dago, eta EAEz gain, beste sei erkidegori eragiten die: Madril, Valentzia, Murtzia, Gaztela Mantxa, Galizia eta Aragoi.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak covid-19a atzemateko baheketa masibo batean parte hartzekoa deia egin die ekainaren 12tik aurrera Mallorcan egon diren 16 eta 19 urteko EAEko pertsona guztiei. Datozen egunotan irlatik iristen direnek ere izango dute parte hartzeko aukera.
Osasun Sailak azaldu duenez, proba egiteko hitzordua hartu behar da ohiko osasun zentrora edo Osasun Kontseilura (900 20 30 50) deituta. Osakidetzaren zentro guztietan egingo dute baheketa larunbatean eta igandean.
Gainera, proba egiten dutenei "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu diete datozen egunetako harreman sozialei begira, eta aztarnarien aholkuei jarraitzeko.