Gizartea -

koronabirusa

Araudia betetzen ez zuten zortzi sareta-maskara modelo erretiratu ditu Euskadik

Kontsumobidek aztertutako zortzi sareta-maskarek ez dute % 27,5eko bakterio-iragazketa gainditzen, eta % 90era iritsi beharko lukete.

Aztertutako 28 maskaretatik 11k ez zituzten filtrazio-arauak betetzen. Argazkia: EFE
Aztertutako 28 maskaretatik 11k ez zituzten filtrazio-arauak betetzen.
Musuko gardenek ez dute bakterio filtrazioaren araudia betetzen

1:10

O. P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumobidek egindako higiene-maskarak ikuskatzeko azken kanpainaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur.  Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok emandako datuen arabera, 28 modeloren laginak hartu dira; horietatik 8 sareta-maskarak. Azterketan ikusi ahal izan denez, Euskadin salgai egon diren aztertutako sare itxurako zortzi maskaretako bakarrak ere ez duela betetzen bakterio-filtrazioari dagokion araudia.

Maskara berrerabilgarriek bete beharreko iragazketa, gutxienez % 90 izan behar bada UNE arauaren arabera, aztertutako maskarak ez dira % 27,5ko iragazketara iristen, baxuenak % 9,8ko iragazpena erakutsi du.

Kontsumobidek ibilgetu egin ditu sareta-maskara modelo horiek —Euskal Autonomia Erkidegoan gehienak merkatutik erretiratuta daude—, eta Kontsumo Ministerioaren alerta-sarean abisua eman du gainerako autonomia-erkidegoei jakinarazteko eta ohartarazteko. Sare honetan sartu ondoren, dagokion epea itxaron behar da enpresek alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Bestalde, gainerako maskara higieniko berrerabilgarrietan eta erabilera bakarrekoetan, aztertutako 20 modeloetatik 3k ez zuten bakterio-iragazketa betetzen, % 76tik % 91ra bitarteko ehunekoak zituzten, % 90era edo % 95era iritsi behar zutenean —berrerabilgarriak ziren ala ez kontuan hartuta—.

Gainerako modeloek gainditu dute laborategiko proba UNE arauak ezarritako parametroetan egoteagatik. Hala ere, etiketetan akatsak hautematen jarraitzen da, hala nola jarraibideak gaztelaniaz ez ematea, saiakuntza-txostenen erreferentziarik ez egotea, haurrentzako edo helduentzako produktuak diren berariaz ez adieraztea, edo osasun-ekipamendu bat ez dela adieraztea, besteak beste.

Une honetan, kanpaina enpresen helegite-fasean dago, eta, beraz, oraindik ezin dira eman merkatutik erretiratutako modeloen datuak, administrazio-epe eta izapide guztiak betetzen ez diren bitartean. "Kontsumitzaileen eskubideak uneoro errespetatzen direla ziurtatu nahi dugu, prozesuak aurrera eramateko legezko bermeekin, eta hori zaintzen jarraituko dugu", esan du sailburuak.

Kanpaina apirilean jarri zen abian, Kontsumo Ministerioaren araudi berria indarrean sartu zenean, Euskal Autonomia Erkidegoko establezimendu fisikoetan saltzen diren higiene-maskaren bakterio-etiketatzea eta -iragazketa egiaztatzeko, maskara saredunetan arreta berezia jarrita.

Sailburuak azaldu duenez, Espianiako Gobernuak kanpoaldean maskaren erabilera malgutuko dela iragarri arren, ez dugu ahaztu behar "maskara funtsezko tresna eta birusa zabaltzearen aurkako armarik eraginkorrenetako bat izan dela. Eta luzaroan jarraitu beharko da hura erabiltzen, batez ere barrualdeetan, baina baita, kanpoaldeetan ere, beste zenbait neurri bete ezin diren kasuetan".

Hori dela eta, merkatua kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena duten agintariek "bereziki erne" egon behar dutela adierazi du. "Oso kanpaina zorrotza egin dugu, autonomia-erkidegoen artean zabalenetakoa; lehenik eta behin, maskara saredunetan jarri delako arreta, eta, bigarrenik, laborategira bidaltzeko lagin zabala hartu delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Koronabirusa Maskarak KontsumoBIDE